Oñatiko udala

Lau eskaera aurkeztu dira Errekalde eskolako “Kontserjearena” deitutako etxea errentan hartzeko lehiaketa prozedurara.

2014/04/02
Card image cap
Hartarako epea, gaur arratsaldeko ordu bietan amaitu da.

  Aurretik jada aipatu izan dugun bezala, herri eskolako kontserje-etxearen alokairu kontratua berezia da, eskolan kontserje izaerako oinarrizko hainbat lan egitera lotuta baitago. Horretxegatik, “kontserjearena” deituriko etxea errentan, lehiaketa bidez ematen du udalak. Etxearen hileko errenta 400 eurotan kalkulatu du udalak, baina ordainketa dirutan egin ordez, eskolan oinarrizko konponketa eta zaintza lanen bitartez egingo du maizterrak.

  Berezitasun hau tarteko, etxea errentan hartu nahi dutenek, oinarrizko mantenu lanak egiteko gutxieneko ezagutza eta formakuntza badutela erakutsi behar izan dute. Formazio akademikoa eta igeltserotza, arotzeria, iturgintza edo antzerako lanetan esperientzia izatea baloratu eta puntuatuko baita.  

  Baina Errekalde eskolako “kontserjearena” etxea errentan hartzeko lehiaketara aurkezteko, aurrez oinarrizko lau baldintza bete behar ziren: Oñatin bizi eta erroldatuta egotea, gutxienez azken urtebetean. Jabetzan etxebizitzarik ez edukitzea, ez Oñatin eta ezta beste inon ere. Adinez nagusia izatea eta euskaraz ulertu, berba egin eta oinarrizko idazketa jakitea.

  Baldintza horiek betetzen dituzten lau lagunek, dagokien eskaera aurkeztu dute udal bulegoetan.

  Orain, epai mahaiak jaso diren eskaerak eta atxikitako dokumentazioa aztertu beharko ditu eta finkatuta dagoen baremazioaren arabera puntuazio altuena lortzen duenari alokatuko zaio “kontserjearena” deritzon etxebizitza hori. Alokairu kontratua 5 urterako izango da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!