Lau egunetan 1.700 sinadura jaso dira Urbietan errotondarik ez egiteko eskatuz

2021/11/30
Card image cap
Astean firma bilketak jarraituko du herri gunean eta auzoetan sinadura orriak banatu dira

  Ostegunean ekin zioten Urbieta baserriko bizilagunek sinadura bilketari eta dagoeneko 1.700 batu dituztela jakinarazi dute. Foru Aldundiak GI-2630 errepidean, Goribar auzoan, eraiki asmo duen biribilguneak Urbieta baserria bereziki kaltetuko duela diote, poluzioa, trafiko igoera eta kutsadura akustikoa jasan beharko dutela argudiatuz eta etxerako sarrera-irteeretan bereziki handituko den arriskua azpimarratuz, biribilgunea baserri sarreratik metro gutxira egitea aurreikusten baita. Era berean gogorarazten dute San Pedroko auzotarrek askotan eskatu dutela biribilgune bat egokitzea Torreauzorako bidegurutzean eta, beraz, Goribarko proiektua alde batera utzi eta trafikoa baretzeko beste aukera batzuk aztertzea eskatzen dute.

  Urbieta baserrikoen eskaera babesteko sinadura bilketa beste astebetez luzatzea eta auzoetara zabaltzea erabaki dute sustatzaileek. Hala, gaur goizean San Lorentzon eta arratsaldean Zubikoa kiroldegira egon dira. Bihar arratsaldean Errekaldeko ikastetxean, ostegun goizean Eroskin eta larunbatean azoka inguruan egongo dira. Sinadura orriak hainbat denda eta auzo lokaletan ere utzi dira: Bizipozen, Suministros Arrin, Sanprubusean, Urrintxo eta Zotz jatetxeetan, Errekaldeko dendan, Arregi landetxean eta Zubillaga, Olabarrieta, Uribarri, Araotz eta Arantzazuko elkarte edo auzo etxeetan.

  Orain arte sinadura bidez Urbietan errotondarik ez egiteko eskaera babestu duten guztiei eskerrak emanez, eta gainontzekoei sinatu eta lagundu diezaieten eskatuz amaitzen da Urbietako baserrikoak sare sozialen bidez zabaltzen ari diren mezua.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!