Laster zabaldu da Txaketuaneko bidegurutzea trafikorako

2021/04/21
Card image cap
Asfaltatze lanak gaur goizean
Lan eremuko zorua fresatu eta asfaltatu ondoren irekiko da erdiguneko pasabide nagusia

  Asteburu eta jaiegunetan Txaketuaneko bidegurutzea fisikoki ixteko oztopo-zutoinak oraindik ez dira kokatuko baina prestaketa lanak amaitu ditu Ugarte enpresak, bai parrokia aldamenean eta Bakardadeko ama kalearen barrenean. Era berean, Gipuzkoako Urak enpresak Aita Madina eta Unibertsitate etorbidean ur hornidura berritzeko lanak ere amaitu ditu.  Bi lan eremuetan errepidea saneatzeko zorua fresatu eta asfaltatu da eta ingurua une batetik bestera irekiko da.

  10 egunez egon da Txaketuaneko bidegurutzea trafikorako itxita. Ondorioak ez dituzte bertatik pasatzeko ohitura duten ibilgailu gidariek edo kale Zaharrean zamaketa lanak egin behar dituzten hornitzaileek bakarrik jasan, Herribusaren Errekaldeko erabiltzaileak ere kaltetu dira, autobusa gutxiagotan sartu delako auzoko geltokira. Baina aurrerantzean, ohiko ibilbidea osatuko du eta Errekaldera betiko ordutan sartuko da.

  Txaketuaneko bidegurutzea trafikorako irekitzear dago baina eremua asteburu eta jaiegunetan mugatuko duten oztopo-zutoinak ez dira instalatu oraindik. Lana egingo duen Nortrafic enpresako teknikoak Oñatin daude eta sistema konfiguratu eta prestatzen ari dira bertatik bertara. Zutoinak fisikoki sartu eta probatzea izango da azken lana, zutikako seinale berriak kokatu eta zorua margotzearekin batera. Bizpahiru aste beharko omen dira horretarako eta ondorioz, ia kendu diren semaforoak ordezkatuz, hesiak jarri beharko dira datozen bi-hiru asteburutan Txaketuaneko bidegurutze inguruan, ibilgailurik pasa ez dadin.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!