Larunbatean eta anbulatorioan txertatuko dira 9-10 eta 11 urteko haurrak

6 erizain eta bi administrari izango dira larunbatean anbulatorioan 9-10 eta 11 urteko neska-mutikoak txertatzen. Hiru talde osatuko dituzte eta goizeko 9:00tatik arratsaldeko 17:00ak arte txertatuko dituzte 2010etik 2012ra bitartean jaiotako oñatiarrak, behintzat hartarako hitzordua eskatu dutenak.
Covid-ari aurre egiteko txertoa 5-11 urte arteko seme-alabei jarri nahi dioten gurasoek hitzordua eskatu behar dute osasun etxera deituta edo Osakidetzako web gunean sartuta. Bigarren bide hori lehenestea eskatu dute osasun arduradunek, anbulatorioetako telefonoek gainezka egin ez dezaten. Oñatin 9-10 eta 11 urtekoei larunbaterako txanda ematen ari dira.
Adin txikikoen artean kutsatu kopurua asko handitu dela ikusita, haurren txertaketa lehenbailehen egin nahi da baina osasun etxeko ohiko jarduna oztopatu gabe, ahal dela. Horregatik, ez ohiko egunean, larunbatean, txertatzen hastea erabaki da. 9 urtetik beherakoen txertaketa nola eta zein egunetan egingo den ez dakite oraindik.
5-11 urte bitarteko haurrei ere bi txerto dosi jarriko zaizkie, bien artean bi hilabeteko tartea utzita. Haurren txertoak noski, helduenei jarritakoak baino dosi txikiagokoak dira.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!