Larrañako kirol instalazioak berritu eta herritarrek erabili ahal izateko baimen hitzarmena sinatu dute Jaurlaritzako hezkuntza sailak eta udalak.

2012/10/16
Egokitze lanak berehala, azaroan, hasi nahi dira.

 Aspaldiko gaia da. Aurreko legealdian jada udalbatzak, Foru Aldundiaren diru laguntza lortu zuen Larrañako kirol gunea berritu ahal izateko. Diputazioak 50.000 euro agindu zituen. Baina instalazioak erabiltzeko hezkuntza sailak eman behar zuen baimena urteetan atzeratu da. Horrek, Donostiako diru laguntza urtetik urtera hitzematea ekarri du eta noski, gunea herritarrek ezin erabili izana.

  Baina tramiteak dagoeneko amaitu dira eta alkateak jada sinatu du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bidalitako baimen-hitzarmena. Orain, lanak martxan jartzea bakarrik falta da. Izan ere, Gasteizko baimena iristen zen bitartean eraberritze lanetarako proiektua egin baita.
Atzo bertan, kiroletako batzordean dokumentua aztertu zuten eta xehetasun txiki batzuk zehaztea soilik falta da lanak esleitu ahal izateko.

  Larrañako kirol instalazioak berritzeko lanek 200.000 euro pasatxoko aurrekontua dute. Horrek, lanak, publizitate gabeko prozedura negoziatu bidez esleitzeko bidea ematen du. Beste era batera esanda, deialdi publikorik egin gabe, udalak, hainbat eraikuntza enpresa lehiaketan parte hartzera gonbidatuko ditu eta hauek aurkeztutako eskaintzen arabera, lanak zuzenean esleituko ditu.

  Lanak, berehala hastea da helburua. Kontutan hartu behar baita diputazioaren diru laguntza jasotzeko lanak aurten egin behar direla baina bestalde, Madrilek udalei jarritako mugen arabera, ezin dela urte batean gastatu ez den dirua hurrengo urteko aurrekontuetan txertatu. Horretxegatik, aurtengo presupuestoetan aurre ikusitako lanak aurten egitea ezinbestekoa du udalak.

  Larrañan, futbol zortzi modalitatean aritzeko zelaia egokituko da. Futbol zelai hori belar artifizialekoa izango da. Skate parke bat ere egingo da eta instalazioetan oinarrizko beste hobekuntza lan batzuk ere egingo dira. 

  Udalak eta Jaurlaritzak izenpetu duten hitzarmenaren arabera, Larrañako kirol gunea berritu ondoren, instalazioak erabiltzeko lehentasuna ikasleek izango dute, bai behintzat, ikasturtean zehar eta eskola ordutegian. Asteburuetan, eskola orduetatik kanpo eta oporraldietan berriz, instalazioek erabilera publikoa izango dute.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!