Larrañako futbol zelaia, asteburu eta jaiegunetan irekiko da
Udala eta Larraña zentruko zuzendaritza ados jarri dira espazio publikoen erabilpena optimizatzeko elkarlanean urrats berri hau emateko. Hala, aurrerantzean, asteburu eta jai egunetan Larrañako futbol zelaiaren ateak zabalduko dira herritarrek erabili dezaten.
Orain arte, instalazio horiek erabili ahal izateko erreserba egin behar zen kiroldegian. Aurrerentzean, ateak irekita egongo diren arren, erreserba egiten jarraitzea gomendatzen da, lehentasuna, hala jokatzen dutenek izango baitute. Erreserbarik ez dagoenean instalazioa nahi duenak eta nahi beste denbora erabili ahal izango du, betiere inor zain ez badago, kasu horretan 90 minutuz erabili ahal izango da gehienez.
Larrañako zuzendaritzarekin lortu den akordioaren helburua, herritarrei ekipamenduaren erabilera erraztea da, inguruko auzotarrei bereziki baina orokorrean, herritar orori. Bide batez, arriskutsua gerta zitekeen praktikari irtenbidea emango zaio, jakinekoa baitzen, hainbat herritarrek futbol zelaia inguratzen zuten hesiak igota instalazioetara sartzeko ohitura zutela. Aurrerantzean ez da halakorik egin beharko, ateak, zapatu, domeka eta jaiegunetan goizeko 10etatik arratsaldeko 8ak arte irekita izango baitira Larrañako futbol zelaian.
Neurri honekin instalazioak berritzeko udalak eta Larrañako zuzendaritzak izenpetu zuten erabilpen hitzarmena zabaltzen da. Aipatu hitzarmenean, futbol zelaiaren erabilerarako egutegi eta ordutegia zehaztu zen; astelehenetik ostiralera eta eskola ordutan Larraña ikastetxeari dagokio instalazioa erabiltzea, arratsaldez berriz, herriko kirol taldeek erabiltzen dute, bereziki Aloña Mendiko gaztetxoen futbol taldeek. Aurrerantzean, asteburu eta jaiegunetan, nahi duten herritarrek erabili ahal izango dute. Udaltzainak arduratuko dira instalazioak ireki eta ixteaz.
Orain hilabete gutxi dela antzerako akordioa lortu zen Urgain-Errekaldeko zuzendaritzarekin. Orduz geroztik herri eskolako jolasgunea asteburu eta jaiegunetan zabalik egoten da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!