Oñatiko udala

Larrain Gain elkartean ekingo zaio bihar Gipuzkoako Eskolarteko bat-bateko bertsolari txapelketari

2022/03/17
Card image cap
17 gaztek parte hartuko dute, tartean, Lide Arregi oñatiarrak

  Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketak XLII. edizioa beteko du aurten eta 17 gaztek hartuko dute parte bat-bateko atalean. Hiru kanporaketa eta finala ospatuko dira, bertso-afari formatua berreskuratuta.

  Lehen kanporaketa Oñatin, Larrain Gain elkartean jokatuko da bihar ilunkaran eta bertan arituko da txapelketan parte hartuko duen oñatiar bakarra, Lide Arregi, hain zuzen. Lide Arregirekin batera Jon Mendiluzek, Aratz Arzelusek, Jakes Etxeberriak eta Uxue Ostolazak osatuko dute biharko boskotea. Azpeitian apirilaren 1ean eta Lizartzan apirilaren 8an jokatuko diren beste bi kanporaketetan seina bertsolari gazte arituko dira. Izan ere, eskolarteko bertsolari txapelketa 14 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta baitago. Lide Arregi oñatiarrak 15 urte ditu eta lehen aldiz kantatuko du eskolarteko bat-bateko txapelketan.

  Bihartik aurrera jokatuko diren hiru kanporaketetako irabazleak eta puntuazio altuena lortzen duten beste hiru bertsolariak sailkatuko dira apirilaren 29an Lasturren jokatuko den finalera. Kanporaketa guztiak bertso-afari formatuan izango dira eta saiorako txartelak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuragarri daude, 12 euroren truke.

  Eskolarteko bertsolari txapelketak bi modalitate ditu: bat-batekoa eta idatzizkoa. Gipuzkoako Bertsozale Elkartea arduratzen da bat-bateko txapelketaz eta Ikastolen elkartea, berriz, idatzikoaz. Idatzizkoa pasa den astean burutu zen, martxoaren 8tik 11ra, online eta bailaraka.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!