Lapurreten kontura sortu den egonezina dela eta lasaitasun mezua igorri dute udal arduradunek

2012/01/17
Herritarren artean urduritasuna ikusi dutela eta lasaitasun mezua eta batez ere arduraz jokatu behar dugula azpimarratu dute udal arduradunek.

   Oñatin azken hilabeteetan lapurretak ugaritu egin dira. Udal arduradunek emandako datuen arabera, 2010 urtean guztira 24 lapurreta salatu ziren eta pasa berri dugun 2011enean berriz, 36 izan dira salatu diren lapurreten kasuak.

   Azken hilabeteetan lapurretak dexente ugaldu direla ikusita, esan beharra dago ertzainek dagoeneko neurri prebentiboak hartu dituztela. Atxiloketei dagokionean adibidez, urrian lapur bat atxilotu zuten eta abendu erdialdean berriz, beste bi lapur izan ziren ertzainen eskuetan erori zirenak.

   Guztien ahotan dauden buzoietako markei dagokionez, Iberdrolak azpikontratatuta daukan enpresarekin harremanetan jarriak dira udaltzaingokoak eta bertako komertzialen artean, Oñatin 20tik gora dabiltza, ohiko praktika omen da. Enpresako arduradunak esan duenez, komertzialei garbi utzi omen zieten buzoietan eta ateetan inongo markarik ez egiteko.

  Datu bilketa bat eginda, aipatzekoa da pasa berri dugun 2011 urtean debagoien osoko hileko bataz besteko lapurreta indizea 3,59koa dela. Datu hau, biztanlegoa kontuan hartuz egindako media ponderatu batetik ateratzen da eta argitu beharra dago Etxeak,enpresak eta komertzioak ere barne hartzen dituela estatistika honek.

   Oñatiren kasuan 2011ko hileko bataz besteko lapurreta indizea: 3 lapurretakoa izan da. Ustezko lapurren inguruko jatorria, itxura fisikoaren inguruan etab., gauza asko entzun diren arren, inongo konfirmaziorik ez dutela jaso ere azaldu digute.

   Hori dela eta, udal arduradunek garbi utzi dute, bereziki arduraz jokatu behar dela gai honetan ezer esan edo idatzi aurretik.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!