Lapurreta egin dute bart Haitzalde elkartean.
San Anton kaletik pasa den herritar batek eman dio lehen abisua udaltzainei. Aitzalde elkarteko atean hainbat kalte ikusi ditu eta horren berri eman du.
Udaltzainak bertaratu direnean, sarraila ez ezik, diru kutxa ere apurtuta topatu dute. Lapurrek zenbat diru eraman duten kalkulatzea ez da xamurra izango, bazkideen kontsumoak banaka-banaka errebisatu beharko dira eta besterik falta ote den begiratu beharko da. Sarrailan eta instalazioetan izandako kalteak ere zenbatu beharko dira.
Lapurrak, Aitzalde elkartean sartu dira baina Aita Madina kaleko Oinarrin ere saiatu dira. Udaltzainen arabera, elkarteko sarraila apurtu dute, baina ez dute barrura sartzerik lortu. Orain aste batzuk dela Larrain Gain elkartean ere lapurrak sartu ziren.
Kasu guztietan lapurrek erabilitako bidea berbera da. Sarraila apurtu eta zuzenean dirua gordetzen den lekura joaten dira, helburua, horixe baita, dirua hartzea. Halaxe adierazi digu udaltzain buruak.
Oñatin bezala, inguruko herrietan ere kirol eta gastronomia elkarteetan egindako lapurreta salaketak ugaldu egin dira azken hilabetean. Bergaran, Aretxabaletan, Arrasaten… halakoak gertatzen ari dira. Lapurretak boladaka gauzatzen ari dira: etxebizitza partikularretan izan ziren lehenik, auto eta dendetan tarteka eta azkenaldi honetan, elkarte gastronomikoetan. Bestelako ondasun materialak utzita, lapurrek, dirua bilatzen dute.
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!