Lapurrak sartu dira herriko hiru lokaletan bart: Eltzia tabernan, Labetegi pizzerian eta Bien-être dendan
Eltzia tabernako arduradunak izan dira lapurretaren berri eman duten lehenak, Ertzaintzari deituta. Ondoren, Labetegi pizzerian eta Euskadi etorbideko 7an orain gutxi ireki den Bien-être estetika dendan ere lapurrak sartu direla egiaztatu ahal izan du udaltzaingoak. Guztietan sarraila apurtuta sartu dira lapurrak.
Modus operandi berbera erabili izanak pentsarazten du pertsona edo talde bera aritu dela hiru lokaletan. Eltzian eta Labetegin txanponetan zuten dirua lapurtu dute eta dendan kosmetika produktu batzuk, harrigarriki, ez garestienak merkenetakoak baizik. Galera ekonomiko horiei apurtutako sarraila eta atean eragindako kalteak batu behar zaizkie. Hiru lapurretak bart-gaur goizaldera izan dira.
Aspaldi ez dute halako lapurreten berririk izan udaltzaingoan, eta herria, alde horretatik, oso lasai zegoela adierazi digu udaltzainburuak. Baina egun, edo gau bakarrean, hiru lokaletan sartu dira lapurrak, sarraila apurtuta.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!