Lankidetza hitzarmena sinatu dute Arantzazulab-ek eta EAEko hiru unibertsitateek

2021/10/15
Card image cap
Aurrerantzean elkarrekin egingo dituzten jarduerak zehaztu ditu hitzarmenak

  Arantzazulabek, Euskal Herriko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Deustuko unibertsitateak sinatu dute aipatu lankidetza hitzarmena. Hitzarmenarekin Arantzazulab-en sorreratik erakundeek elkarren artean izan duten harremana sendotuko da, eta datozen urteetarako Arantzazulab-ek proposatzen duen esparru berritzailean elkarren arteko lankidetzari bide ematen zaio. Hitzarmenak aurrerantzean elkarrekin egingo dituzten jarduera ezberdinak zehaztu ditu, hala nola, ikerketa, berrikuntza, ezagutza sortu eta eraldatu, sareko lana, eta lankidetzazko proiektuen sustapena.

  Lankidetza hitzarmen honek izaera edo balio bereizgarria du, izan ere, ohikoa ez den elkarlana modu berritzailean egitea proposatzen du Arantzazulab-ek, unibertsitate eta eragile ezberdinen arteko ezagutza eta ikerketarako elkargunea sortuz. Antolaketa honek ohikoa ez den elkarlana artikulatzea dakar, ikerketan lehiatu baino unibertsitate ezberdinen artean indarrak batzea dakarrelako berekin.

  Goizeko sinadura ekitaldi horretan parte hartu dute: Agustin Erkizia Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako campuseko errektoreordeak, Nagore Ipiña Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Falkultateko dekanoak, Xabier Riezu Deustuko Unibertsitateko Donostiako Campuseko errektoreordeak eta Naiara Goia, Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!