Oñatiko udala

Lankide berria hasi da udaletxean lanean “Pauso Berriak” programaren baitan

2022/03/29
Card image cap
Adimen desgaitasuna duten pertsonen laneratzea helburu du egitasmoak, langile berrien garapen pertsonal eta soziala sustatuz

  Saioa Garai Martin oñatiarra da udaletxean lanean hasi den lankide berria,  alboan, tutore-laguntzaile moduan, Isabel Negreira daukalarik, Gureak-Atzegi elkarteko ordezkaria. Pauso berriak programa Gureak eta Atzegik 2010ean elkarrekin  abiatu zuten egitasmoa da. Adimen desgaitasuna duten pertsonen autonomia sustatzea da helburua, parte hartzen duten pertsonen garapen pertsonal, soziala eta lanekoa sustatuz. Baina egitasmo honek baditu beste helburu batzuk: ingurune arrunteko enpresetan langile hauek dituzten gaitasunei ikusgarritasun positiboa ematea, lantaldeei eta parte hartzen duten enpresa edo erakundeei lan egiteko beste modu bat erakutsi eta lan esperientzia inklusibo baten bidez enpresaren balio sozialak praktikan erakustea eta gizarte erantzukizuna artikulatzen laguntzea, besteak beste.

  Oñatiko udalak 2022ko programan parte hartzea erabaki du eta Saioa Garai oñatiarra dagoeneko udaletxean lanean ari da. Eguneko postaren banaketa,  egunkariak liburutegira eramatea, bulegoko material horniketan laguntzea edota fotokopia-makinak egoki daudela ziurtatzea dira bere eguneroko zereginetako batzuk. Horretan aritzen da astelehenetik ostiralera, 9:00tatik 13:00ra.

  Saioa Garai formazio praktikaldian ari da udaletxean lanean. Udalak Atzegi-Gureakekin izenpetu duen Pauso berriak egitasmoa gauzatzeko hitzarmenak sei hilabeteko iraunaldia du, hasiera batetan. Hau da, martxotik irailera arte. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!