Langileen osasuna ez babesteagatik auzitara eraman dute AUTLAN EMD enpresa sindikatuek

2022/09/27
Card image cap
Eibarko epaitegian egin zen epaiketa atzo eta langileak gaixotzen ari dela salatu du LAB-ek gaur, prentsa-ohar bidez

  Egun AUTLAN EMD enpresa denean manganesoarekin eta azido sulfurikorekin lanean aritu dira azken 70 urteetan. 2017ko otsailean enpresak prebentzio ordezkariei neurri higienikoen inguruko emaitzak jakinarazi zizkien eta bi substantzia toxiko horiek baimendutako gehiegizko estandarrak nabarmen gainditzen zituztela ikusi zen. 2017 eta 2021 urteen artean egindako 32 neurketetatik 22tan esposizioaren muga-balioa gainditu zela kaleratu dute sindikatuek. Iazko irailean frogatu zen enpresako zonalde ia guztietan manganeso eta laino azido kontzentrazioak daudela eta, ondorioz, 34 langile egon direla substantzia toxiko horien eraginpean.

  2022an arnasbideetako patologien lan jatorria aitortu zaie AUTLANeko 5 langileri. Lanerako ez gai izendatu dituzte eta indemnizazio ziztrin batekin kale gorrian gelditu daitezkeela dio LAB sindikatuak zabaldu duen prentsa-oharrean. Lanean gaixotu diren langile hauentzat lanpostu egokitzapena edo irteera duina ahalbidetzea exigitzen dio LABek enpresari eta langileen osasuna babesteko benetako neurri eraginkorrak hartu eta beharrezko inbertsioak egitea.

  Babes neurriak eskatu arren enpresak arazoa gutxietsi duela diote sindikatuek. Horregatik salatu dute epaitegietan. Atzo egin zen AUTLAND EMD enpresaren kontrako epaiketa Eibarko Lan Arloko 1 zenbakiko epaitegian. Sindikatuek elkarretaratzea egin zuten atarian.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!