Oñatiko udala

Langabeziak nabarmen behera egin du Oñatin, pandemia aurreko mailara itzuliz

2021/05/05
Card image cap
Langabezia tasa %6,47 da une honetan, iazko otsaila amaieran neurtu zenaren parekoa

  Apirilean zehar 44 langabe gutxiago zenbatu dira Oñatin. Horrek, pandemia aurreko kopuruetara garamatza, iazko otsailetik ez baitzen halakorik neurtzen gurean. Une honetan 352 langabe daude herrian eta langabezia tasa % 6,47 da; pandemia sortu zenetik Oñatiko tasa % 7tik behera jaitsi da, lehenengo aldiz. 

  Azken hilabetean gurean izan den langabezia beherakada gizon nahiz emakumeen artean gertatu da baina modu nabarmenagoan emakumeen artean, martxo akaberan baino 29 emakume gutxiago zenbatu baitira Oñatin. Adinari erreparatuta berriz, 45 urte artekoen artean murriztu da gehien.

  Abenduan eta urtarrilean langabeen kopuruak gora egin ondoren, Gabonetako kanpaina amaituta Oñatin ohikoa denez, langabeziak beheranzko joera hartu du gurean eta horri eutsi dio azken hilabetean ere. Baina azpimarratzekoa da apirilean 44 langabe gutxiago zenbatu direla eta hori ez da hilero gertatzen.

  Oñatin bezala Hego Euskal Herrian behera egin du langabeen kopuruak, 3.781 lagun gutxiago zenbatu dira. Eta kasu honetan ere 2020ko otsailetik ez zen halako kopururik ikusten. 168.727 langabe daude une honetan Lanbiden eta Nafarroako Lansaren erregistratuta. Langabeziaren jaitsierak badu lotura Aste Santuaren inguruan izan ziren murrizketa batzuen arintzearekin, batez ere zerbitzuetan jaitsi delako langabezia azken hilabetean. Baina ekonomiaren hobekuntza erakutsi dezake jaitsiera nabarmena izateak industrian eta eraikuntzan ere.

  Bestalde, aldi baterako erregulatze espedientean dauden langileak gutxitu egin dira apirilean: Erregulazioan daudenetatik bi herenek ez dute batere lanik egiten eta beste bat erregulazio partzialean dago. Gorakada handia izan du aldiz, Gizarte Segurantzan afiliatuta dauden langileen kopuruak. Martxoan baino ia 6.000 gehiagok kotizatu dute, Gizarte Segurantzako Ministerioaren azken datuen arabera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!