Langabeziak gora egin du Oñatin, joera orokorra irauliz

2019/05/07
Card image cap
Martxoan baino 20 langabe gehiago zenbatu dira

  Sektoreka, zerbitzuen alorrean izan du beherakada handiena langabeziak apirilean, Aste Santua ere orduan etorri zen. Baina jakina da zerbitzuen alorrak ez duela pisu handirik gurean, eta akaso horregatik, Hego Euskal Herrian eta estatuan antzeman den joera orokorra irauliz, Oñatin, langabeziak gora egin du pasa den hilean. Aurrekoan baino 20 langabe gehiago zenbatu baitira.

  25 urte bitarteko emakumeen artean izan ezik, gainontzeko adin tarte guztietan zenbatu dira  martxoan baino langabe gehiago gurean. Eta erdi eta erdi gainera, 10 emakume eta 10 gizon gehiago zenbatu dira apirilean, aurreko hilabeteko datuekin alderatuta. Zentzu horretan, aipagarria da langabezian dauden gizon eta emakumeen aldea pitin bat murriztu dela. Azken datuen arabera Oñatin dauden 317 langabe horietatik 118 gizonezkoak dira eta 199 emakumezkoak.

  Hilabete batetik bestera 20 langabe gehiago zenbatu izana kopuru esanguratsua da, dudarik gabe, baina zorionez, ez du martxoan aipatu gertatu zen beherakada handia guztiz neutralizatu: otsailetik martxora 31 langabe gutxiago erregistratu ziren Oñatin. Ondorioz, herriko langabezia tasa % 6aren azpitik mantentzen da, bigarren aldiz aurten. Langabezia tasa % 5,83 da une honetan. Orain urtebeteko datuekin alderatuta ordea, langabe kopurua txikiagoa da egun, iazko apirilean baino, 9 gutxiago.

  Oñatin langabeziak gora egin badu ere, joera orokorra bestelakoa izan da; Hego Euskal Herrian 3.420 langabe gutxiago zenbatu dira eta estatu mailan ere behera egin du langabeen kopuruak apirilean. Hego Euskal Herri mailan, herrialde guztietan egin du behera langabeziak azken hilabetean, maila handiago edo apalagoan.

  Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikoetako sailburuak nabarmendu duenez, azken hamarkadako langabezia daturik onenak dira ezagutzera eman diren hauek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!