Oñatiko udala

Langabeziak gora egin du Oñatin azken hilabetean

2021/07/02
Card image cap
Maiatzean baino 12 langabe gehiago erregistratu dira eta tasa % 6tik gora kokatu da berriro

  Maiatzean herriko langabeziak behera nabarmen egin zuela azpimarratu genuen. Beheranzko joera hori gainera, urtarriletik gertatzen ari zen, maila handiago edo apalagoan, baina ekainean irauli egin da eta langabeen kopuruak gora egin du gurean. 12 langabe gehiago erregistratu ziren eta une honetan 330 langabe daude Oñatin. Beste era batera esanda, langabezia tasa %6,06 da. Emakumezkoen artean egin du bereziki gora herriko langabeziak, maiatza amaieran baino 10 emakume gehiago zenbatu baitira lana topatu ezinean zebiltzanen taldean. Adinari erreparatuz gero, berriz, 45 urtetik beherakoen artean hazi da gehien langabezia. Une honetan, lana topatu nahian dauden 100 oñatiarretatik 58 emakumeak lirateke eta 42 gizonezkoak.

  Azken hilabetean langabeziak gora egin du gurean, baina aipagarria urtea 405 langabe zeudela hasi genuela eta une honetan 75 gutxiago daude, 330, esan bezala. Ekainean izan den joera aldaketak bere horretan jarraitzen duen eta datozen hilabeteetan ere langabeziak gorantz jarraitzen ote duen edo momentu konkretu bateko gertaera izan den zaindu beharko dugu.

  Ikusmira zabaldu eta Hego Euskal Herrira begira jartzen bagara, egoera beste bat baita, alegia, langabe gutxiago erregistratu dira ekainean, 2.553 langabe gutxiago, hain zuzen. Gainera, beste 7.000 lagun atera dira aldi baterako enplegu erregulaziotik, eta 4.000 kotizatzaile gehiago daude, SEPEren arabera. Jaitsiera batez ere Nafarroari dagokio, han 2.294 langabe gutxiago daudelako eta Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian 300nen bueltan gutxitu da herrialde bakoitzeko langabe kopurua.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!