Langabeziak gora egin du, irailean murriztu zena baino pitin bat gehiago irabaziz

Lan merkatuak egonkortu ezinda jarraitzen du Oñatin eta hilabete batean irabazten duena hurrengoan galtzen du. Joera hori errepikatu da urrian, irailean murriztu zen langabezia tasak berriro gora egin duelarik. Bi langabe gutxiago zenbatzearen jaitsiera apalaz berba egin genuen iraila amaieran eta orain, lau langabe gehiago zenbatu direla esan behar dugu. Hori bai, emakume langabeen kopuruak behera egin du, lau gutxiago ziren urriaren akaberan. Hala ere, lana topatu guran dauden 100 oñatiarretatik 55 emakumeak dira.
Emakumeen langabezia gehiago jaitsi izanaren joera orokorra izan da Hego Euskal Herrian, baina aipagarria da, Oñatin, parekatuagoa dela langabeen generoa, eta egoera horretan dauden emakumeen portzentajea Hego Euskal Herrikoa baino bi puntu murritzagoa da.
Hego Euskal Herria eta Debagoienako datuekin alderatuta joera nagusiaren kontrakoa gertatu da Oñatin, beste behin. Aipatu bi eremutan behera egin du langabeen kopuru orokorrak eta Oñatin gora, esan bezala. Bereziki gizonezkoen artean egin du gora, aurreko hilabetean baino zortzi langabe gehiago zenbatuz. Emakumeen artean gutxiago dira langabe daudenak eta bereziki 25 urtetik gorako emakumeen artean izan da murrizketarik handiena gurean.
Pandemia aurreko erreferentzien bila 2019ko urrian jaso ziren datuetara erreparatuz gero aldea handia da oraindik, orduan baino 37 langabe gehiago baitaude Oñatin. Enplegu zerbitzutik jaso ditugun azken datuen arabera Oñatin 357 langabe dago une honetan, ondorioz, langabezia tasa % 6,56 da.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!