Langabeziak gora egin du abuztuan Oñatin, ohikoa denez

2021/09/03
Card image cap
355 langabe zenbatu dira gurean azken hilabetean eta tasa % 6,52 da

  Udako hilabeteak gora beheratsuak izan ohi dira gurean, oporrak hartzen dituzten langileak ordezkatzeko aldi baterako kontratazio ugari egiten baitira. Kontratazio gehienak ekaina eta uztailean egiten dira eta ondorioz, abuztuan, baja izaten dira. Aurten, langabeziak behera egin zuen uztailean baina nabarmen gora abuztuan, aurreko hilabetean baino 29 langabe gehiago zenbatu dira Oñatin. Horrek, langabezia tasa puntu erdi handitzea eragin du, % 6,52 da une honetan. Aipagarria da uztailean pitin bat behera egin zuela langabeziak eta ondorioz, tasa %6ko langatik behera kokatu zela, baina datua guztiz irauli da abuztuan, esan bezala.

  Gizonen nahiz emakumeen artean eta adin tarte guztietan egin du gora langabeen kopuruak gurean abuztuan baina 44 urtez azpiko gizonezkoen artean eta 25 eta 44 emakumeen artean bereziki handitu dela esan daiteke. Oñatiko langabeen % 56a aurrez zerbitzuen sektorean aritutakoak dira eta %30 berriz, industrian.

  Herriko langabezia datuak pandemia aurreko kopuruetara bueltatzen ari zinela komentatu genuen orain bizpahiru hilabete baina abuztuak normaltze bide hori eten egin du, pitin bat, 2019ko abuztuko datuekin alderatuta 39 langabe gehiago baitago une honetan Oñatin.

  Ingurura begiratuta ere gora egin du langabeziak Debagoienean, uztailean baino 125 langabe gehiago zenbatu dira bailaran. Ikusmira Hego Euskal Herrira zabalduta, langabeziak gora egin du baita ere, azken hilabetean uztailean baino 3.678 gehiago dago egun Hegoaldean. Nafarroan izan ezik gainontzeko hiru herrialdetan gora egin du langabeen kopuruak azken hilabetean.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!