Oñatiko udala

Langabeziak gora egin du abenduan gurean, baina orain urtebete baino maila apalagoan dago

2020/01/07
Card image cap
Urtea 327 langaberekin eta % 6ko tasaz amaitu da Oñatin

  2019an langabeziak gora behera txikiak izan ditu gurean. Urteko bigarren hiruhilekoan zenbatu ziren langabe gutxien, eta langabezia tasaren bataz bestekoa, % 5,59 izan zen. Urtarrila, otsaila eta abenduan izan ezik, urteko gainontzeko hilabeteetan, Oñatiko langabezia tasa % 6aren azpitik mantendu da. Urtea, dena den, % 6.01eko tasaz amaitu da, esan bezala. Azaroan baino 15 langabe gehiago zenbatu baitira, 327 guztira.

  Langabeen adina eta sexuari erreparatuta, 45 urtetik gorakoen artean handitu da langabeen kopurua azken hilabetean gurean, eta aipagarria da 25 urtetik beherakoena murriztu egin dela, bai gizon nahiz emakumezkoen artean.

  Orain urtebeteko egoerarekin alderatuta, 2019an sarritan aipatutakoa azpimarratu behar da, alegia, langabezian dauden emakumeen proportzioa murriztuz joan dela. Orain urtebete lanik gabe zeuden 100 oñatiarretatik 62 emakumeak ziren, une honetan, 56 dira. Gizon-emakumeen arteko alde hori beraz, 6 puntu murriztu da urtebeteko epean.

  Ikusmira zabalduz gero, Oñatin bezala, Gipuzkoan eta Hego Euskal Herrian ere, langabezia jaitsi egin da 2019an zehar, nahiz eta, abenduan handitu egin zen. Abenduan 147.360 langabe zeuden erregistratuta hegoaldean, 2018an baino 5.156 gutxiago. Urteak 25.698 kotizatzaile gehitu ditu baina aurreko urtean baino mugagabeko kontratu gutxiago sinatu dira.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!