Langabeziak gora egin du abenduan

2022/01/04
Card image cap
Urtea 365 langaberekin eta % 6,71ko tasaz amaitu da Oñatin

  Lan merkatuak egonkortu ezinean jarraitzen du gurean, pandemia aurreko kopuruak berreskuratu ezinda. Gora beherak etengabeak dira eta abenduan gora egin du berriro herriko langabeen kopuruak, azaroan baino 8 gehiago zenbatu dira.

  Abenduan langabezia handitzea nahikoa ohikoa da Oñatin, neguko kanpainara begira herriko hainbat enpresek egiten dituzten kontratu asko orain amaitzen direlako, abendu-urtarrilean. Baina aurreko hilabeteetan ez bezala, oraingoan emakumeen artean handitu da bereziki langabezia, 25 urtetik gorako 6 emakume gehiago zenbatu baitira. Gizonezkoei erreparatuta, 25 urtez azpikoen artean eta 45 urtetik gorakoen artean gutxitu da langabe kopurua Oñatin.

  Ikusmira zabaldu eta aurreko urteko kopuruekin alderatuta langabezia datuak hobeak dira orain, 2020ko amaieran baino 40 langabe gutxiago daudelako herrian. Dena den, pandemia aurreko kopuruak urrun daude oraindik, 2019ko amaieran baino 38 langabe gehiago erregistratuta zeudelako abendu bukaeran. Pandemiak bete betean harrapatu gintuen 2020an, urteko bataz besteko langabezia tasa % 7,6 izan zen Oñatin eta une honetan puntu bat txikiagoa da, % 6,6.

  Hego Euskal Herrian ere langabeziak nabarmen behera egin du azken urtean eta 23.000 langabe gutxiagorekin amaitu da 2021a, SEPEren datuen arabera. Murrizketa lau herrialdetan gertatu da, 12 hilabeteko tartea orokorrean hartuta. Abenduan dena den, langabeziak behera egin du Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian, ez ordea Nafarroan, han, Oñatin bezala, azaroan baino langabe gehiago erregistratu baitira urteko azken hilabetean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!