Oñatiko udala

Langabeziak behera egin zuen martxoan Oñatin, ohikoa denez

2021/04/14
Card image cap
Baina pandemia sortu zen iazko martxoan baino 23 langabe gehiago daude

  Martxoan kontratazioak gehitu ohi dira gurean eta Gabonetako kanpainaren ondotik izaten den langabezia igoera-joera iraultzen da. Iaz, pandemiak aurrez ezagutzen ez zen egoera ekarri zuen baina aurten, enplegua ohiko moduan errekuperatu da. Otsaileko datuekin alderatuta 11 langabe gutxiago zenbatu dira azken hilabetean Oñatin. SEPEk helarazitako azken datuen arabera Oñatin 396 langabe daude eta tasa, % 7,28 da. Langabezia adin guztietako gizonezkoen artean eta 45 urtetik gorako emakumeen artean murriztu da nagusiki. 

  Baina pandemia sortu zela 12 hilabete arraro pasatu dira, besteak beste, ekonomia eta enplegua gogorki astindu duten hilabeteak, eta Oñatin ere, egoera ez da COVID-a zabaldu zeneko egoerara itzuli, iazko martxoan baino 23 langabe gehiago baitaude une honetan. Aipagarria da dena den, gizonezkoen kasuan orain urtebeteko datuetan gaudela kasik, iazko martxoan baino 2 gizon langabe gehiago baitaude orain erregistratuta. Eta urtean zehar emakumeen langabezia murrizten eta gizonezkoenera parekatzen doala esaten aritu garen arren, urtebeteko ikuspegi horretatik aldea handia da oraindik, iazko martxoan baino 21 emakume gehiago zenbatu baitira Oñatiko langabeen artean azken kontaketan. Beraz, esan daiteke, Oñatin emakumeak ari direla bereziki pairatzen pandemiak enpleguan eragindako kalteak. 

  Martxoa enplegua errekuperatzen hasteko hilabetea izan ohi da gurean, udaberriko gainontzeko hilabeteak ere bai, eta ikusi egin beharko da 2021ean ohiko joera errepikatzen den.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!