Langabeziak behera egin du Oñatin azaroan, 8 langabe gutxiago zenbatu dira
Une honetan 312 herritar daude langabezian, enplegu zerbitzutik jaso ditugun azken datuen arabera. Beste era batera esanda, Oñatiko langabezia tasa % 5,73 da.
Urrian baino 8 langabe gutxiago zenbatu dira gurean azaroan eta bereziki, gizonezkoen artean murriztu da, 6 gizonezko gutxiago agertzen direlako langabeen zerrendan. Horrek ez du larregi irauli azkenaldian aipatzen ari garen gizon eta emakume langabeen proportzioa, une honetan, Oñatin, lana topatu ezinda dabiltzan 100 lagunetatik 56 emakumezkoak dira, 44 gizonezkoak. Orain urtebete aldea askoz ere handiagoa zen; langabeen % 61a emakumezkoak ziren Oñatin. Iazko azaroko datuekin alderatzen jarraituz, esan bestalde, langabe kopuruan ere aldea nabariagoa dela, une honetan orain urtebete baino 19 langabe gutxiago baitaude enplegu zerbitzuan izena emanda.
Azaroa hilabete ona izan ohi da langabeziaren eta enpleguaren datuentzat eta halaxe berretsi da, ez bakarrik Oñatin, baita Hego Euskal Herri mailan ere. Urriarekin alderatuta, langabeen kopurua apaldu egin da Hego Euskal Herrian, 1.006 langabe gutxiago baitaude. Hazi egin da berriz, gizarte segurantzako afiliazioa, ia 1.500 afiliatu gehiagorekin. Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian behera egin du langabe kopuruak, gora berriz, Nafarroan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!