Oñatiko udala

Langabeziak behera egin du gurean laugarren hilabetez jarraian.

2013/07/03
Une honetan, iazko azaroko maila berean dago: %9 eta erdian. LANBIDEko datuen arabera, Oñatin 501 langabetu daude.

  Orokorrean Hego Euskal Herrian gertatu den bezala Oñatin ere langabeziak behera egin du ekainean zehar. Aipagarria da dena den, beherakada hori laugarren hilabetez jarraian gertatzen dela gurean. Azken datuek gainera, zazpi hilabete atzera garamatzate eta iazko azaroko maila berean kokatzen gaituzte, orduan orain bezala, 501 langabetu kontabilizatu ziren Oñatin.

  2013an, herriko langabezia inoizko kopururik altuenetara iritsi da, %10etik gora joan zen otsailean, baina poliki-poliki jaisten ari da. Azken 4 hilabeteotan langabezia tasa hori 60 ehuneneko jaitsi da eta %9.54an kokatzen da une honetan.

  Udako ordezkapenak eta kanpaina bereziak tarteko ekainean, historikoki langabeziak behera egiten du eta aurten ere halaxe gertatu da. Maiatzean baino 10 langabetu gutxiago erregistratu baita gure herrian.

  Langabetu horien adina eta sexuari erreparatuta berriz, fenomeno bitxia gertatu dela ikusten dugu, langabeziak bereziki, 25 urte bitarteko gizonezkoen artean egin baitu behera eta 44 urtez gorako emakumeen artean. 25 eta 44 urte bitarteko gizonezkoen artean berriz, gora egin du.

  Ekainean, historikoki, langabeziak behera egiten du gurean lehen esan bezala. Joera berdina izaten da uztaila eta abuztuan ere. Ikusi egin behar ordea, aurten halaxe gertatzen ote den.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!