Langabeziak behera egin du berriro Oñatin, apirilean baino 8 langabe gutxiago zenbatuta
Pasa den hilean langabeziaren jaitsiera gizonezkoen artean gauzatu zela nabarmendu genuen baina maiatzean, emakumeenak egin du nabarmen behera, aurreko hilabetean baino 11 emakume gutxiago zenbatu baitira herrian. Jaitsiera gainera, adin tarte guztietan gertatu da. Hego Euskal Herrian ere behera egin du langabetuen kopuruak azken hilabetean eta lan arloan urrats onak ematen ari direla nabarmendu du Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, baina emakume gehiago lanean hastea beharrezkoa dela azpimarratu du. Oñatin, une honetan langabezian dauden 318 lagunetatik 137 gizonezkoak dira eta 181 emakumezkoak.
2018a gorabeheratsua gertatzen ari da Oñatin langabeziari dagokionean; urtarrilean behera egin zuen eta gora berriz, otsail eta martxoan, azken bi hilabeteetan aldiz, beheranzko joera hartu du berriro. Gora behera hauek ordea, ia urtero errepikatzen dira gurean, Gabonetako kanpainak amaituta gora egiten baitu langabetuen kopuruak eta udaberriko kontratazio berriekin berriro behera. Aurten joera historiko hori beteko ote den ikusi behar.
Orain urtebeteko datuei erreparatuz gero aipagarria da une honetan baino langabetu gutxiago zeudela iazko maiatzean, 310 iaz eta 318 aurten. Une honetan, Oñatiko langabezia tasa % 6.05 da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!