Langabeziak behera egin du berriro maiatzean, apirilean izan zen gorakada neutralduz

2019/06/04
Card image cap
Oñatiko langabezia tasa % 5,5 da une honetan

  Iazko uztailetik goranzko joera hartua zuen herriko langabeziak, tarteka, gora behera txikiak gertatzen baziren ere. Gaina urtarrilean hartu zuen, 344 langabe eta % 6,32ko tasa neurtuz. Ordutik ordea, beheranzko joera hartua zuen berriro, apirilean, apurtu zen arte. Pasa den hilean nabarmen egin zuen gora herriko langabe kopuruak, aurreko hilean baino 20 gehiago zenbatuta, baina maiatzean, igoera hori neutraldu da eta behera egin du berriro langabeziak. Hilabeteko tartean, 16 langabe gutxiago zenbatu dira gurean.

  Langabezia jaitsiera hori emakumeen artean eman da bereziki, apirilean baino 17 emakume gutxiago baitaude langabeen zerrendetan izena emanda. Zehatzago esanda, sexu eta adinari erreparatuta, 25 urtetik beherako gizonezkoen artean egin du gora langabeziak, gure artean. Joera hori orokorra izan da nonbait, Oñatin bezala, Euskal Autonomia Erkidegoan ere 25 urte azpikoen artean gora egin baitu langabe kopuruak, 244 gehiago zenbatuta. 

  Hego Euskal Herri mailan ere, gutxitu egin da langabe kopurua azken hilabetean, apirilean baino 3.089 langabe gutxiago zenbatu baitituzte Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Nafarroan. Urtebetean, 11.101 lagunek utzi dute langabezia Hego Euskal Herrian. Oñatin datua ez da hain esanguratsua, lehen aipatu bezala, uztailetik otsailera, gora egin zuelako langabeziak gurean. Baina iazko maiatzetik aurtengora, 8 langabe gutxiago daude herrian.

  Oñatin, une honetan, 301 langabe dago, edo beste era batera esanda, langabezia tasa % 5,5 da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!