Oñatiko udala

Langabezia tasa apenas aldatu da azken hilabetean Oñatin

2021/10/05
Card image cap
Abuztuan baino bi langabe gutxiago zenbatu dira eta tasa 3 ehuneneko murriztu da

  Iraila amaieran 353 langabe zeuden Oñatin eta langabezia tasa % 6,49 zen, SEPEk eskuratutako datuen arabera. Abuztukoekin konparatuta, esan bezala, ez dago alde handirik datu orokorretan baina bai xehetasunetara bagoaz. Azken hilabetean bereziki emakumeen artean murriztu da langabezia gurean, gizonezkoen artean, aldiz, handitu egin da, 6 emakume gutxiago eta lau gizon gehiago zenbatu baitira. Datu horiek, ordea, ez dute azken urtean errepikatzen ari garena iraultzen, alegia, emakume eta gizon langabeen arteko aldea handitu egin dela; lana topatu eta ezinean dauden 100 oñatiarretatik 57 emakumeak dira egun, iazko irailean 53 eta erdi ziren bitartean. Adinari erreparatuta berriz, 25 urtez azpikoen artean murriztu da gehien langabezia gurean, eta horretan ere, nabarmenagoa izan da emakumeen artean izan den jaitsiera.

  Lan egoera orain urtebete baino hobeto dago Oñatin baina ez da pandemia aurrekoaren parera iritsi oraindik. 2019ko iraileko datuak eskutan, langabezia tasa 63 ehuneneko baxuagoa baitzen, % 5,86. Beste era batera esanda, egun baino 34 langabe gutxiago zeuden. Hori bai, 2019an, 2018an bezala, langabeziak pitin bat gora egin zuen urteko bederatzigarren hilabetean, eta aurten, iazkoaren antzera, pitin bat behera egin du.

  Hego Euskal Herrian jaitsiera nabariagoa izan da eta 4.133 langabe gutxiago zenbatu dira irailean. Aipagarria da gainera, murrizketa, hegoaldeko lau lurraldeetan gertatu dela. Baina aldi baterako kontratuez kezka azaldu du, besteak beste, Idoia Mendia Lan sailburuak, kontratazio mugagabeak oso gutxi izan direla onartuta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!