Langabezia tasa % 6tik behera joan da maiatzean, 2008an krisia lehertu zenetik lehenengo aldiz

2017/06/05
Card image cap
Langabetuen kopurua jarraian jaisten den laugarren hilabetea izan da Oñatin

  310 langabetu zeuden herrian maiatza amaieran, apirilean baino 15 gutxiago. Baina aipagarria da orain urtebete baino 106 langabetu gutxiago direla. 2016an langabeziak gora behera txikiekin baina igo eta jaitsiz ibili zen, murrizketa egonkortu ezinean, urteko azken hiru hilabetekora arte. Aurten berriz, urtarrilean ia % 7.5era igo ondoren, jaisten joan da hilabetez hilabete eta maiatza amaieran, % 6aren azpitik kokatu da, 2008ko mailetara itzuliz. Une honetan, Oñatiko langabezia tasa % 5.90 da. Zenbaki errealetan jarrita, 310 langabetu daude herrian, lehen esan bezala, apirilean baino 15 gutxiago. Jaitsiera, gizon nahiz emakumeen artean eman da eta adinari dagokionean, bereziki 25 eta 44 urte arteko gizonezkoen artean eta 45 urtetik gorako emakumeen artean.

  Orain urtebete Oñatiko langabezia tasa bi puntu altuagoa zen, % 7.92, hain zuzen ere, eta 416 langabetu zeuden. Langabezian zeuden gizon eta emakumeak gehiago ziren ondorioz, baina proportzioak kasik ez dira aldatu, Oñatin lana topatu ezinda zeuden 100 lagunetatik 58 emakumeak ziren orain urtebete eta orain ere, hala dira. Alde horretatik beraz, ez da diferentzia aipagarririk izan urtebeteko tartean.

  2008an krisia lehertu zenetik Oñatin lan merkatua suspertu ezinda ibili da. Iazko azaroan langabezia tasa % 7tik behera etorri zen eta fenomeno berbera errepikatu zen pasa den martxoan eta apirilean baina maiatzean, aspaldiko partez, % 6aren azpitik kokatu da.

  Oñatin bezala Hego Euskal Herrian ere langabeziak behera egin du eta 4374 lagun gutxiago zenbatu enplegu bulegoetan. Jaitsiera, herrialde guztietan izan da. Langabeen kopuruak behera egin arren ordea, lanik gabe dauden askok ez dute prestaziorik jasotzen; langabetuen % 61,6ak ez du langabezia saririk jasotzen Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak apirilean eman zituen datuen arabera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!