Langabezia pitin bat murriztu da Oñatin martxoan

Otsailean baino bi langabe gutxiago zenbatuta 346 herritar daude lana topatu nahi eta ezinean, SEPEk zabaldu dituen azken datuen arabera. Aldea oso txikia da aurreko hilekoarekin konparatuta, baina esanguratsuagoa langabeen adinari eta sexuari erreparatzen badiogu, 45 urtetik gorako gizon eta emakumezkoen artean murriztu baita kopurua, otsailean baino 8 gutxiago zenbatuz. Aldiz, 25 eta 44 urte artekoen artean handitu egin da.
Pandemia lehertu zen 2020ko martxoko datuekin alderatuz, 26 langabe gutxiago daude herrian egun, eta iazko martxoan baino 50 gutxiago. Hala ere, enplegua bizi-bizi zegoen 2019ko martxoan baino 49 langabe gehiago daude orain. Beste era batera esanda, langabezia tasa 2019an baino ia puntu bat handiagoa da une honetan, % 6,36, hain zuzen. Urtea hasi zenetik herriko langabezia nahikoa egonkor mantentzen ari da, gora behera txiki batzuekin; lehen hiruhilekoaren bataz besteko tasak garbi adierazten du egoera %6,35 baita, aipatu martxo akaberakoaren parekoa.
Ikusmira zabalduta, Oñatik joera orokorra berriro apurtu duela esan genezake, 1.975 langabe gehiago zenbatu baitira Hego Euskal Herrian eta Oñatin bi gutxiago, esan bezala. Edonola ere, iazko martxoarekin alderatuta, gutxiago dira lau lurraldetan egun langabe daudenak. Langabe kopurua handitu den arren, gizarte segurantzan ia 6.000 afiliazio berri erregistratu dira hegoaldean, azken hilabetean.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!