Langabezia nabarmen murriztu da irailean Oñatin, 22 langabe gutxiago zenbatuta

2022/10/05
Card image cap
Emakumeen langabezia gutxitu da bereziki gurean

  Eta konkretuki 25 eta 44 urte arteko emakumeen artean murriztu da lana topatu ezinean daudenen kopurua azken hilabetean, adin tarte horretan dauden 19 gutxiago erregistratu baitziren, SEPEk emandako datuen arabera.

  Iraila enplegurako hilabete ona izan ohi da Oñatin, Gabonetako kanpainara begira kontratazioak ugaldu egiten direlako udako oporren bueltan, eta hala berretsi da aurten ere. Aipagarria da gainera, 2022koa azken urteetako irailerik oparoena izan dela, 22 langabe gutxiago zenbatu direlako. Iraila ez ezik udazkena, orokorrean,  kontratazio garaia izan ohi da gurean. Ikusi egin beharko da urrian eta azaroan zer gertatzen den.

  Urteko lehen hiru laurdenak pasata 346 langabe daude herrian erregistratuta, 143 gizon eta 203 emakume, eta ondorioz, langabezia tasa % 6,36 da une honetan, urte hasieran baino 35 ehuneneko murritzagoa.

  Oñatin bezala Hego Euskal Herrian ere gutxitu egin da langabe kopurua, irailean gertatu ohi denez. Baina Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian murriztu den bitartean, Nafarroan, abuztuan baino 227 langabe gehiago zenbatu dira. Orokorrean, industria eta zerbitzuak arloak ari dira enpleguaren sorrera bultzatzen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!