Langabezia murriztu egin da maiatzean eta %6tik behera kokatu da, urtean lehen aldiz

2022/06/02
Card image cap
(Arg: DV)
Iazko uztailetik ez zen halako tasa baxurik erregistratzen Oñatin

  Langabeziak nabarmen behera egin du maiatzean gurean, 25 langabe gutxiago zenbatu dira, eta tasa %6tik behera kokatu da, lehen aldiz aurten. Une honetan 325 langabe daude Oñatin eta tasa, % 5,97 da. Iazko uztailean erregistratu ziren pareko datuak gurean.

  Langabezia 45 urtetik beherakoen artean murriztu da gurean, bai gizon zein emakumeen artean. 45 urtetik gorako gizonezkoen artean aldiz, gehitu egin da azken hilabetean.

  SEPE, Espainiako enplegu zerbitzutik jaso berri ditugun datuak esanguratsuak dira, urtea hasi zenez geroztik 340-350 arteko langabe kopurua errepikatu baita gurean, hilabetez hilabete. Oraingoan, ordea, jaitsiera nabaria izan da. Baina orain urtebeteko datuekin alderatuta ez da hain positiboa, iazko maiatzean baino 7 langabe gehiago daudelako orain gurean eta lana topatu ezinean dauden emakume eta gizonen arteko aldea handitzen ari delako. Une honetan, Oñatin lana topatu guran dabiltzanen % 59a emakumeak dira.

  Ikusmira zabalduta, Hego Euskal Herrian 145.414 langabe daude, apirilean baino 3.566 gutxiago. Hegoaldeko lau lurraldetan gutxitu dira langabeak azken hilabetean. Gizarte Segurantzak beste 7.613 kotizatzaile irabazi ditu Hego Euskal Herrian, eta inoiz baino gehiago ditu. Kontratuen %27 mugagabeak izan dira. Indarrean dagoen lan erreformak mugatu egin du aldi baterako kontratuak egitea, eta, horrenbestez, handitu egin du kontratu mugagabeen kopurua. Hori bai, horietako asko aldizkako kontratu finkoak dira, eta ez diete langileei urte osoan lan egitea bermatzen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!