Landalurrak erosteko prozedura abiatu du Udalak

2022/03/03
Card image cap
Proposamenak aurkezteko epea martxoaren 30ean amaituko da

  Oñatiko udalaren helburuen artean dago bertako espezie, baso eta ekosistemen kontserbazioa indartzea eta bioaniztasunaren galera geldituko duten politikak sustatzea. Ildo horretan, kontserbaziorako ekintzak eta bestelako egurgintza eredu baten aldeko praktikak martxan jartzeko helburuarekin, landalur izaerako lursailak erosteko prozedura jarri du abian udalak.

  Oñatiko udalerrian dauden basoak, landatutako basoak, ibaiertzeko basoak, zuhaixkak edota sastrakadiak erosi asmo dira, beti ere EAEko 2020ko baso inbentarioaren kategoriak oinarri hartuta. Eskaintzen diren lursailen azaleraren erdia gutxienez deskribatutako kategoriaren baten egotea jarri da baldintza moduan. Era berean, eskaintzen diren lursailek gutxienez hektarea bateko azalera izan beharko dute baldin eta, jabetza erregistroan berezitako finka gisa jasota ez badago, udalaren jabegoko lursail batekin mugakide ez bada, proposatzen diren beste lursail batzuekin mugakide izaki horiekin batuta hektarea bat baino azalera handiagoa osatzen ez badute. Gainera, eskaintzen diren lursailak mota guztietako kargetatik libre egon beharko dira eta jabeak gastu, zerga eta erkidego kuota guztien ordainak egunean izan beharko ditu.

  Lur patrimonialen erosketa honetara 40.000 euro bideratu ditu udalak eta eskaintzen diren lursailen prezioa 3.500 euro hektareako finkatu du. Lizitaziora aurkezten diren eskaintzak beraz, prezio horren pareko edo azpiko proposamenak izan beharko dira, kontutan hartu daitezen. Interesatuek martxoaren 30a arteko epea dute beraien eskaintzak aurkezteko.

  Lizitatzaile bakoitzak nahi beste lursail aurkezteko aukera izango du, baina finka bakoitza banan-banan baloratuko da. Eskaintza ekonomikoaz gain ,lursailaren azalera, udalaren jabetzako lursailekiko hurbiltasuna, eta bertako basoen kontserbaziorako ekarpena baloratuko dira. Jasotako puntuazioaren araberako zerrenda osatuko da, udal aurrekontuetan dagoen diru-atala agortu arte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!