Oñatiko udala

Landa lursailen mugaketa lana nola egingo den azaltzeko bilerak

2023/11/21
Card image cap
Katastroko lehen hiru poligonoetako lur-jabeekin batzar informatiboak egingo dira gaur-biharretan

  Udalerriko landa eremuko lursailen mugaketa digitalki jasoko du Udalak. Oñatiko landa katastroa 27 poligonotan banatuta dago eta lehen hiru poligonotako partzelen mugaketa egiteko zerbitzua esleitu zaio Geograma enpresari.

  Elorregi parean hasi eta Larraña auzoko muga ingururaino, 1.328 hektareako azalera hartzen dute katastroko lehen, bigarren eta hirugarren poligonoetako partzelek. 325 jabe baino gehiagorenak diren 1.125en bat partzelen mugak errebisatuko dira. Horretarako, jabeen laguntza eta parte hartzea ezinbestekoa da, dituzten lursailen mugak eta mugarriak identifikatu eta mugakideekin adostu beharko direlako. Katastroa eguneratu egingo da eta beharrezkoa den kasuetan, zuzendu ere egingo da.

  Jabeen partaidetza borondatezkoa da, eta ez die inolako gastu ekonomikorik eragingo baina mugarriak aurkitu eta mugak garbitzea eskatuko zaie, dagokien jasotze topografikoa egin ahal izateko. Proiektua azaltzeko bilerak antolatu dira gaur eta biharko. Lehena, 11:00etan egin da Santa Ana antzokian eta arratsaldean ere, leku berean beste bat egingo da, 17:30etan hasita. Bihar, 11:00etan kultur etxeko zine aretoan eta 17:30etan Santa Anan izango dira bilerak. Honen berri ematen duten gonbidapen gutunak bidali zaizkie katastroko lehen, bigarren eta hirugarren poligonoetako lursailen titularrei.

  Geograma enpresa kontratatu du Udalak landa-lursailen mugaketa lana egiten hasteko. Katastroko lehen hiru poligonotako partzelen mugaketa zerbitzua 12 hilabetetan egiteko esleitu da, 116.000 euroko aurrekontuarekin. Foru Aldundiak 25.000 euroko dirulaguntza onartu du.

  Katastroko lehen hiru poligonotako partzelen mugak jasoko dira orain eta urtez urte lana osatuz joango da, udalerriko landa-lursail guztiak, 27 poligonoetako partzelak guztiz digitalizatu arte. 8 bat urtetan burutzea aurreikusten da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!