Landa garapena, auzoak eta ingurumen alorrerako teknikaria hautatzeko azterketaldia osatzear dago

2016/01/22
Card image cap
Astelehenean euskarazko froga egingo da

  Bakarra da aurreko bi ariketak gaindituta azterketaldian jarraitzen duen hautagaia eta lanposturako zehaztu zen euskara maila baduela erakutsi beharko du. Horretarako azterketa, astelehenean, 9.00etan udaletxean egin beharko du.

  Udalean bete asmo den landa garapena, auzoak eta ingurumen alorrerako teknikari lanposturako laugarren hizkuntza eskakizunaren maila zehaztu zen. Formazioari dagokionean berriz, basoko ingeniaritza teknikoa, nekazal ingeniaritza teknikoa edota ingurumen zientzietako lizentziaturaren lehenengo hiru ikasturteak gaindituta izatea eskatu zen. Bi baldintza horiek beteta 5 hautagai aurkeztu ziren baina lehen bi probak gaindituta eta azken azterketaren faltan bakarrak jarraitzen du prozesuan.

  Kontratatu asmo den langile berria, Udalak aldi baterako onartu duen programa aurrera eramateaz arduratuko da eta bitarteko funtzionario izaera izango du. Hasteko, urtebeteko kontratua egingo zaio.

  Landa garapena, auzoak eta ingurumen alorreko udal teknikari berriaren ardurapekoak izango dira besteak beste, baserri seinaleen proiektuaren garapena, suteen aurkako plana garatzea, udalaren lursail patrimonialen inbentarioa eguneratu eta basoen antolamendu plana egitea, urteko jasangarritasun programa diseinatu eta gauzatzea, mendiko lanak egiteko lan taldearen  eta bere lanen zuzendaritza eta ikuskaritza, auzo konpost guneen eta aisialdi baratzen kontrola eta jarraipena, elurra kentzeko lanetan ekipoak zuzentzen laguntzea, auzo bideen konponketak ikuskatzea eta aurrez, auzo bideen konponketa plana eta obra proiektuak egiten laguntzea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!