Landa eremuko hiru bide konpondu eta hobetuko dira aurtengo kanpainan
Auzo-alkateen foroan eztabaidatzen dira auzotarrak kezkatzen dituzten gaiak, auzoetan gauzatuko diren egitasmoak eta konpondu beharreko bideak, besteak beste. Auzo eta baserri-bideen egoeraren berri ematen da foroan eta, premiaren arabera, konpondu beharrekoen plangintza zehazten da. Pasa den apirilaren 14an egindako bileran aurten konponduko diren hiru bideak zehaztu ziren: Koixkar, Torretxebarri-Lizargarate eta hilerriko bidea. Injelan enpresari eskatu zitzaion lanok egiteko proiektua idaztea eta horren araberako lizitazio prozesua abiatu berri da.
Bi lan mota egitea aurreikusi da: asfaltatze hutsa batetik, eta bestelako konponketak, bestetik. Hilerria deritzon eremuak Urrutxu baserri paretik iturrira arteko tartea hartzen du eta bertan asfaltatze lanak egingo dira soilik, egungo asfaltoa kendu eta berria botako da, behar berezia duten guneak indartu ondoren; Koixkar eta Torretxebarri-Lizargaraten gainera, bideari eusteko konponketa lanak egingo dira luizi guneetan eta harri-lubetak eta bestelako drainatze eskuhartze batzuk. Horiek guztiek isla dute zehaztu den aurrekontuan: tarte garestiena Torretxebarri-Lizargarate artekoa da, aurrekontu osoaren % 59a beregaatuz, Koixkarkoa % 33a litzateke eta %7a pasa hilerrikoa. Lanen lizitazio aurrekontua 237.815 euro da. Lanak hiru hilabeteko epean egitea aurreikusten da.
Lanak esleitzerakoan eskaintza ekonomikoa bereziki baloratuko da, puntuazio osoaren %75a izango da, baina epeak laburtu eta exekuzio proiektua hobetzea ere kontutan hartuko dira.
Lanak esleipenera ateratzea erabaki zen azken Tokiko Gobernu batzarrean eta deialdia zabaldu da jada, Udaleko kontratatzailearen profilean. Proposamenak aurkezteko azken eguna azaroaren 2a izango da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!