Lanbidek bulego berria du Arrasaten

2021/10/25
Card image cap
ELMA eraikinera, Gipuzkoa etorbideko 4ra aldatu da zerbitzua

  Gaur goizean ireki da Lanbideren Debagoieneko bulego berria Arrasateko Gipuzkoa etorbidean. Bulego berria zabala eta irisgarria dela azpimarratu dute Lanbideko ordezkariek. ELMA sarraila lantegi izan zenekoaren beheko solairuan egokitu den bulego berriak 588 metro karratu ditu. Bertan 20 langile arituko dira aurrerantzean, Lanbideko 11 eta SEPE, Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoko beste 9.

  Debagoieneko pertsona, enpresa, ekintzaile eta autonomoei prestazio, enplegu eta enplegurako prestakuntzari buruzko informazioa emateko zerbitzua solairu bakarrean bildu da, espazio irisgarrian. Lanbidek Nafarroa Hiribidean zuen bulegoa ostegun eguerdian itxi zen eta dokumentazioa lekuz aldatzearekin batera, egoitza berriko telekomunikazio azpiegitura egunean jartzeko lanak egin dira gaur arte. Arrasateko Gipuzkoa etorbideko 4an Lanbideren bulego berria egokitzeak 831 mila euro pasatxoko aurrekontua izango du zerbitzuko arduradunek jakinarazi dutenez. Arrasateko bulegoak eskualde osoari ematen dio zerbitzua, Oñati, Bergara, Elgeta, Aretxabaleta, Eskoriatza, Leintz-Gantxaga, Antzuola, Arrasate eta Arabako Aramaiori ere bai.

  Elmako eraikinak lau solairu ditu baina Lanbideren bulego berria behekoan kokatu da, esan bezala. Bulego berria ireki izana Debagoieneko herritarrei erantzun egokiagoa emateko lehen urratsa dela adierazi dute Arrasateko zinegotzi sozialistek, aurrez aurreko arreta hobetzeko asmo handiagoa badela aurreratuz, baina bestelako xehetasunik eman gabe. Gaur gaurkoz, Lanbideren bulegora joan aurretik hitzordua eskatu behar da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!