Lanbide Heziketako ikasleekin ekintzailetasuna lantzea helburu duen AGORA JARDUNALDIAk egingo dira Bergaran eta Oñatin.

Debagoieneko Mankomunitateak antolatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz, AGORA jardunaldiak izeneko ekimen berezi hau. Eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasleei zuzenduta dago eta helburua, ekintzailetasun jarrerak eta konpetentziak lantzeko aukera ematea da.
Goiz osoko saioak egingo dituzte. Planteatutako gai baten inguruan, ideiak bota eta landuko dituzte, teknika eta dinamika desberdinak erabiliz. Amaieran, taldeek landutako guztiaren bilduma-ideia aurkeztuko dute.
Prozesu guztia Leinn-eko ikasleek dinamizatuko dute, “Ametsen Ekaitza” taldeko gazteek, hain zuzen ere. Dinamika ahalik eta aberatsena izan dadin, ikastetxe eta ikasketa desberdinetako ikasleak nahastuko dira, talde multidisziplinarrak sortuz.
Eskualdeko Lanbide Heziketako 5 ikastetxek eta 9 ziklo desberdinetako 155 ikasleek parte hartuko dute ekimenean. Aste honetan, bihar eta ostegunean, Bergarako Miguel Altuna institutuan egingo dira lehen bi saioak eta hirugarren eta azkena, Oñatin, Enpresagintza Fakultateko areto nagusian izango da datorren asteartean, azaroaren 4an.
Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!