Lanbide heziketa arautuan aurrematrikula epea ireki da gaur

2022/05/09
Card image cap
Enpresagintza fakultatean goi mailako hiru ziklo eta Larraña institutuan erdi mailako beste hiru eta oinarrizko berri bat eskaintzen dira

  Aurrematrikula betetzeko bi bide daude: on-line edo ikastetxean bertan. On-line egiteko ikasgunea plataforman sartu behar da. Bestela, ikastetxera joanda zuzenean bete daiteke aurrematrikula eta behar diren agiriak aurkeztu.

  Mekanizazioa, kirol ekintzen gidaritza natur ingurunean eta mantentze-lan elektromekanikoa dira Larraña institutuan ikasi daitezkeen erdi mailako zikloak. Oinarrizko ziklo berria ere sortu da datorren ikasturtera begira: administrazio zerbitzuetako oinarrizko profesionala, hain zuzen. Enpresagintza fakultatean, berriz, goi mailako hiru lanbide heziketa ziklo eskaintzen dira: administrazioa eta finantzak, zuzendaritza idazkaritza eta salmenten kudeaketa. Lanbide heziketako ziklo guztietan inguruko enpresetan praktika errealak egiteko aukera eskaintzen zaie ikasleei.

  Lanbide heziketa egiteko gutxieneko ikasketa batzuk eskatzen dira, zikloaren izaeraren arabera. Oinarrizko lanbide heziketarako DBH-2. maila amaituta izatea eskatzen da, erdi mailako zikloak egiteko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, eta goi mailako zikloak egiteko, berriz, batxilergoa edota beste goi mailako zikloren bat. Adinari dagokionean oinarrizko lanbide heziketako ikasleena bakarrik mugatzen da eta ziklora sartzen den urtean 15 urte eta gehienez 17 betetzea da baldintza. Baina heziketa zikloen inguruko informazioa Larraña institutuan edota Enpresagintza fakultatean egoitza duen Oñati gestio heziketa zentroan jasoko dute. Betan aurrematrikula epea zabalik baitute gaurtik maiatzaren 27ra arte.

  Lanbide heziketaren bidean jarraitzeko zalantzan daudenei aurrematrikula betetzea gomendatzen zaie; aurrematrikula betetzeak ez du ezertara behartzen baina plazak berehala betetzen diren zikloetan matrikulatzeko beharrezkoa da. Kurtsoa amaituta eta DBH edo batxilergoko notak eskutan, matrikula betetzeko, uztailaren 15etik 19ra arteko epea izango da.

  Oñatiko bi zentroetan ate-ireki jardunak ere beteko dira aurrematrikula epe honetan: Larraña institutuan bihar, 18:00tan, eta larunbatean, 11:00tan, izango dira eta Oñati gestio heziketa zentroan, maiatzaren 19an, 18:00tan. Aurrez hitzordua hartu edo izena ematea eskatzen da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!