Lan zerrendan jasotako gai guztiak onartu ziren arren, salaketa gogorrak eta eztabaida beroak izan ziren osteguneko Osoko Bilkuran.

2013/04/29
Atez atekok eta Aske guneko gertaeren inguruko mozioak sortu zituen tirabirarik bizienak.

  Hondakinen bilketa sistema berez ez zegoen gai zerrendan. Baina era honetako bileretan beti lehen puntua izaten den aurreko agiriaren onespeneko gaian, martxoko osoko bilkuran EAJk eskatutako informazioaren inguruan sortu zen eztabaida. Informazio hori otsaila amaieran bidali zietela argitu nahi izan zuen Iosu Lizarraldek eta eskatu eta hurrengo egunera berriro bidali zitzaiela gaineratu zuen. Hala ere, astebete beranduago kaleratu zen Kontzejupetik aldizkarian EAJk informaziorik ez zuela idaztean gezurretan aritzea leporatu zion Lourdes Idoiagari.

  Idoiagak informazioa eskatzen dutenean soilik eskuratzen dietela erantzun zuen eta batzorde informatiboetan halakorik ez dela azaltzen salatu zuen. Iosu Lizarraldek, eurekin bildu eta nahi adina argibide emateko eskaintza aspalditik egiten ari direla adierazi zuen.

  Lehen puntu horren ondoren, Oñatiko garapen eta turismo ajentziaren kapital zabalkuntza, San Lorentzoko futbol zelaiaren erabilerarako ordenantza behin betiko onartzea edota Kalegoienako garajeen salmentaren berri ematea arazorik gabe onartu ziren.

  7. puntuan, zenbait langilek erretiro partziala hartzeko baldintzei buruzko azalpenak ematerakoan, jeltzaleen bozeramaleak gaia batzordetik pasatu gabe zegoela esan zuen. Denboraz justu xamar ibili izana argudiatu zuen alkateak. Eskatzen zena, langile batzuen onurarako zela azalduta, jeltzaleak alde bozkatuko zutela argitu zuen Idoiagak, baina horrelakoetan, telefono dei bat egitea nahikoa dela esan zuen. Gaia, azkenean, udalbatza osoaren aldeko botoz aurrera atera zen baita, ondoren azaldu ziren udal lokalak uzteko eskaerak ere.

  Osoko bilkuraren giroa berriro mikaztu zen apirilaren 10 eta 19an Ertzaintzak Donostian agertu zuen jarrera salatzen zuen mozioa eztabaidatu zenean, eta bereziki, aretoan zeuden hainbat gaztek pankarta bat ireki zutenean. Pankartan, “PNV-k gazteria jipoitu eta atxilotzen jarraitzen du” irakurri zitekeen. Horren aurrean, jeltzaleek pankarta jaso ezean aretotik joateko mehatxua egin zuten eta ordezkari bat jaiki ere egin zen. Alkatea, gazteengana joanda, pankarta jaso zezaten eskatu zien eta hala egin zuten. Politikoen arteko eztabaida saioan, jeltzaleen bozeramaleak esan zuen eurek ere ez dutela onartzen militantzia politikoa auzi-bidean jartzea, are gutxiago kartzelaratzea, baina proposatutako mozioa ez zutela babesteko. Arrazoia eskatu zitzaienean, eurek ez onartzeko idatzita zegoela esan zuen.

  Amaieran, herritarrei hitza eman zitzaienean, eztabaida berriro piztu zen. Gazte batek galdetu zion EAJri ea zergatik ez zuten Donostian gertatutakoa salatzen eta zergatik ez zuten Ertzaintzaren erasoa eragotzi. EAJko bozeramaileak erantzun zion Ertzaintza epaileak bidali zuela eta gaineratu zuen denontzat helduko den garai berriaren zain daudela baita eurak ere.

  Lan zerrendaz kanpo beste bi gai aurkeztu ziren: Haurreskoletan, gaztelaniaren presentzia bermatzeko eskaerari aurre egiteko mozioa batetik, eta langile baten praktikaldia amaitutzat ematea bestetik. Biak onartu ziren, aurreko guztien antzera.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!