Lan istripu larria izan zuen Gipuzkoako Urak enpresako Oñatiko langile batek asteartean

2015/04/23
Card image cap
Langilea, Bidebarrieta kaleko biltegian konorterik gabe eta buruan kolpe handia zuela topatu zuten

  60 urte inguruko langilea, larri, Gasteizko Santiago ospitalera eraman zuten. Atzo ebakuntza egin zioten eta larritasunean egonkor jarraitzen duela jakinarazi du familiak. Zaintza berezien gelan ingresatuta dago.

  Lan istripua, astearte goiz-eguerdian gertatu zen. Dirudienez, langilea, Gipuzkoako Urak enpresak Bidebarrieta kalean duen biltegian lanean ari zen. Etxera bazkaltzera joan ez zela eta, senitartekoek abisua eman zuten eta  lokalean, konorterik gabe eta buruan kolpe handia zuela topatu zuten lankideek. Langilea eskailera batera igota lanean ari zen eta bertatik jaustean buruan kolpe handia jaso zuen.

  Langile komiteko ordezkariak atzo Oñatin izan ziren istripu lekua ikusi eta lankideekin gertatutakoa argitu nahian. Era berean, enpresa arduradunekin harremanetan daude, erantzukizunak argitu daitezen. Enpresa komitetik, elkartasuna adierazi diote lan istripua izan zuen langileari eta familiari eta halakorik errepikatu ez dadin erantzukizunak argitzea eskatu dute.

 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!