Lan hitzarmenerako aurre akordioa lortu da Natran

2024/03/01
Card image cap
Langileen asanbladan onartu ala ez erabakiko du, arratsaldean

  19:15etan hasiko da Natrako langileen asanblada eta goizean zuzendaritzarekin lortu den aurre akordioa eztabaidagai izango da. Hala jakinarazi du LAB sindikatuak eguerdian egin duen prentsaurrekoan.

  Enpresako ordezkariek deituta goizean egin den bileran aurre akordioa lortu eta sinatu dute bi aldeek, 2023-2025 epealdirako. Horren arabera, enpresak uko egiten die ezinbestekotzat jotzen zituen malgutasun neurriei eta errelebu kontratua onartzen du. Ultraktibitate mugagabea onartzen da eta aldizkako kontratu finkoei dagokienean, automatikoki finko mugagabe izatera pasatuko dira, 24 hilabeteko epean 18 hilabete lan egin ondoren. KPI aren pareko soldata igoera aplikatuko da iazko soldatetan eta KPIaren goitik 2024an eta 2025ean. Laugarren txandaren plusak jasoko dira eta 61 urtetik gorako langileak laugarren txandatik kanpo gelditzeko aukera izango dute. Kategorien errebisioa ere onartu da, lehen mailak eta A mailako ofizialen kategorietan.

  LAB sindikatuko ordezkariek ontzat eman dute akordioa baina langileen asanbladak onartu behar du. Hala egiten badu, bertan behera utziko dira urtarrila amaieraz geroztik egiten ari diren lan-uzte eta mobilizazioak. Langileak zoriondu eta erakutsitako babesagatik herritarrei eskerrak eman dizkiete LABeko ordezkariek, eguerdian egin duten prentsa agerraldian.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!