Lan eta zerbitzu berriak gauzatzeko lizitazioak hastea proposatuko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean
41 gaiko lan zerrenda izango dute gaur arratsaldean gobernu taldeko kideek aztertzeko. Bileran, hainbat lanen lizitaziorako baldintza zerrendak onartzea proposatuko da.
Udaletxeko berokuntza sistema aldatzeko asmoa dago. Egungo berogailu elektrikoak kenduta gas bidezko berokuntza sistema jarri asmo da. Sistema berria ezartzeko lanak lizitaziora ateratzeko baldintza zerrenda osatu da eta horixe aztertuko da arratsaldeko bileran.
San Martin auzoko tutoretzapeko apartamentuak eraikitzeko proiektua ere osatu behar da. Proiektuaren esleipenenean parte hartu ahal izateko eta lizitazio prozesuari berari dagozkion jarraibideak, Udal Gobernu Taldeari proposatuko zaion baldintza zerrendan bildu dira.
Udalak bestalde, auzo-taxi zerbitzua martxan jarri nahi du. Olabarrieta eta Zubillaga arteko bide nagusitik aldenduta dauden auzoetako bizilagunei zuzendutako garraio zerbitzu berezia izango da. Zerbitzuaren nondik norakoak zehazten ari dira udal arduradun eta teknikoak eta gaur arratsaldean, auzo-taxi zerbitzua esleitzeko osatu den plegu tekniko eta administratiboaren zirriborroa aurkeztekoa da.
Unibertsitate Zaharra irisgarriagoa bihurtze aldera, arrapala egingo da. Unibertsitateak atzealdetik duen sarreran koska txiki bat dago baina eraikinaren aurrealdetik zailtasunak handiagoak dira. Unibertsitate aurrealdeko plazatik goiko bidera, desnibel handia dago eta jaisteko modu bakarra eskailerak dira. Horretxegatik, Unibertsitate etorbidetik arrapala egitea erabaki da. Egitasmo horren inguruko xehetasunak ere gaurko bileran emango dira.
41 gai jaso dira Tokiko Gobernu Batzarrerako eta 34, Hirigintza eta Zerbitzuak Udal Departamentuei dagozkie.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!