Lahar elkargoak beteko du adinekoentzako eguneko arreta zerbitzua

2023/03/17
Card image cap
Apirilaren 17an sinatuko da kontratua eta berehala hasiko dira zerbitzua martxan jartzeko urratsak ematen

  Bi enpresa aurkeztu ziren Udalak deitutako esleipen prozesura eta memoria txostena, hobekuntza proposamenak eta eskaintza ekonomikoa baloratuta, Lahar elkargoak lortu du puntuaziorik altuena. Ondorioz, Lahar elkargoa proposatu du Kontratazio Mahaiak adinekoentzako eguneko arreta zerbitzua eskaintzeko. Halakoetan eskatu ohi den dokumentazio osagarria eta behin betiko fidantza aurkeztu ditu enpresak eta kontratua sinatzeko eguna finkatu da: apirilaren 17a. Hortik aurrera hasiko dira zerbitzua martxan jartzeko urratsak ematen. Ondo bidean, eguneko arreta zerbitzu berria maiatzean hasiko da.

  Mendekotasun arin egoeran edo mendekotasun arriskuan dauden adinekoei zuzendutako zerbitzua da eguneko arretarena. Hasierako bi urteetan, astean birritan eta egunean bi orduz beteko da, baina eskaeraren arabera handitzeko aukera aurreikusi da kontratazio baldintzetan.

  Azaroan balizko erabiltzaile izan daitezkeen 80 bat herritarrei interesik izango luketen galdetu zitzaien Udaleko Ongizate zerbitzuetatik eta 7-8 batek baiezkoa erantzun zuen. Eguneko arreta zerbitzu berrira joan nahi dutenentzat eskaerak egiteko epea apirilean irekiko da. Aurrez, interesa agertu dutenei, Ongizate zerbitzuetatik jakinaraziko zaie eskaera egiteko aukera dutela.

  Lahar elkargoarekin bi urtetarako kontratua sinatuko du Udalak, hasiera batean, baina urte-urte beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. Hasierako bi urteetarako esleipena, 52.406 eurotan egingo da, hau da, Udalak finkatu zuen lizitazio aurrekontua baino 23.000 euro merkeago.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!