"La casa de Bernarda Alba" lanaz Literatur topaketa eta antzerki emanaldia antolatu dira
Caritaseko ordezkari baten ekimenez eta Pototak emakume asanblada eta udalaren partaidetzaz antolatu dira La Casa de Bernarda Alba antzezlanaren inguruko literatur topaketa eta emanaldia.
Federico Garcia Lorcak idatzitako lana XX. mende hasierako matxismoaren adibide garbia da eta testu aproposa berdintasun ezaz edo emakumearen kontrako indarkeriaz gogoeta egiteko. Ideia horretatik abiatuta antzezlanaz hausnarketa egiteko literatur topaketa irekia antolatu da. Herrian aktibo dauden irakurketa talde ezberdinak gonbidatu dira parte hartzera: liburutegikoak, Pake lekukoak eta Gaztetxekoak. Baina halakoetan ez dauden gainontzeko herritarrek ere parte hartu ahal izango dute martxoaren 5ean egingo den literatur topaketan, izena ematea bakarrik eskatzen da. Izena emateko hiru bide zehaztu dira: liburutegira joanda, bertara telefonoz deituta edo posta elektronikoz mezua bidalita. Topaketan parte hartzeko interesa dutenen kopurua jakitea komeni da bilduko den taldea eroso egongo den lekua topatzeko. Horregatik, lekua ez da zehaztu oraindik baina bai eguna eta ordua: martxoaren 5ean, 18:30tan. Liburutegian gainera, antzezlanaren kopiak eskuragarri daude. La casa de Bernarda Alba lanaz eta honek islatzen duen gizarte-eredu eta emakumeen egoeraz gogoeta egitea da literatur topaketaren helburua, baina aldi berean, adin eta jatorri ezberdina duten herritarren artean iritziak partekatzea.
Hausnarketa kolektibo saioa osatuz , La casa de Bernarda Alba antzezlanaren emanaldia ere antolatu da martxoaren 11rako. Santa Ana aretoan arratsaldeko 19:00tan izango da eta sarrerak dagoeneko salgai daude, 10 eurotan bibe.me atarian.
Bai literatur topaketa baita antzerki emanaldia ere, martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruko ospakizunen baitan antolatu dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!