Kutxabank-en San Lorentzoko bulegoa datorren ostiralean itxiko da
Urtarrilaren 4an irekiko da azken aldiz Kutxabank-en San Lorentzoko bulegoa. Atean jarri den oharraren arabera, 13:00ak arte izango da irekita. Gero, behin betirako itxiko da eta bertako bezeroek Kale Barriako bulegora joan beharko dute.
Urtarrilaren 7tik aurrera beraz, Kutxabank-ek bulego bakarra izango du Oñatin.
San Lorentzoko bulegoaren jarduna mugatuaz joan da azken urteetan. Ordainketak eta beste eragiketa batzuk egiteko egutegi eta ordutegi berezia izan da, baita bestelako kontsulta zuzenak egin eta aholkularitza jasotzeko ere. Gizartearen ohiturak aldatzen ari dira eta zerbitzu elektronikoen erabilera orokortzen ari da. Finantza erakundeek beraiek ere, askotan, hartara bultzatu dituzte bezeroak. Eta aldi berean, dituzten baliabide pertsonal eta teknikoak berrantolatzeko dinamikan sartu dira.
Beste herri batzuetan gertatu bezala, Oñatin ere, bulego lanak bildu eta zentralizatuko dira. San Lorentzoko bulegoa urtarrilaren 4an, 13:00tan itxiko da eta Kale Barriakoa Kutxabank-en Oñatiko bulego bakarra bihurtuko da. Egun San Lorentzon diharduten bi langileak ere, Kale Barriako bulegoan arituko dira aurrerantzean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!