Kutsatze arriskuari aurre egiteko neurri eta gomendio berriak jasoz oharra zabaldu du Udalak

2020/10/26
Card image cap
Ostalaritza alorreko ixte ordutegiak, kirol jarduerak taldeka egin ezin izana eta elkar zaindu beharra azpimarratzen dira

  Herritarendako oharra izenburupean zabaldu zituen Udalak osasun egoera berriari begira indarrean sartu ziren neurri eta gomendioak, ostiral ilunkaran. Kutsatze indizean Oñati gorriz agertzen dela argitzen hasten da oharra, horrek neurri orokorrak ez ezik, neurri zehatzak zekartzala zehaztuta. Besteren artean,  herriko ostalaritza, jatetxe alorreko eta zerbitzu sektoreko establezimenduak 21.00tatik 6:00tara itxi behar direla eta ordu tarte berean parkeak, parke publikoak eta plazak ezin direla erabili gogorarazten da.

  Kirol jarduerei buruz, kirol lehiaketa ofizialak ez diren gainontzeko taldekako jarduerak bertan behera utzi direla aipatzen da oharrean. Horrenbestez, Zubikoa kiroldegiko kantxaren erabilera mugatu da eta lehiaketa martxan duten taldeek besterik ezingo dute erabili. Kirol gune publikoetan ere ezin da kirolik taldean egin. Kirolgune publiko dira, esaterako, Olaitturri, Korres atzealdea, Kasablanka, Errekalde eta San Martingo kirol guneak. Era berean, bertan behera geratu dira Udaleko Kirol zerbitzuek antolatutako ekintza gidatuak, hau da, fit-bike, pilates eta antzerakoak. Gainerako udal zerbitzuek bere horretan jarraituko dutela zehazten da idatzian, baldin eta egoera aldatu edo neurri berririk ezarri ezean.

  Osasun arduradunek adierazitako jarraibideak errespetatzea garrantzitsua dela azpimarratuz, zaindu gaitezen, herria zaintzeko esaldiaz amaitzen da Udalak herritarroi zuzendutako oharra.  
 
Iturria:Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!