Oñatiko udala

Kupoaren desadostasuna tarteko udalek gorde zuten dirua erabilgarri izango dute

2017/10/18
Card image cap
Aurtengo foru funtsa aurreikusitakoaren pareko izatea espero du diputazioak

  Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero, urria erdi-amaieran, udalen finantzaketarako foru fondoen lehen errebisioa egiten du. Urteko diru sarrerek zein joera izan duten ikusita, udalei agindutako dirutzan izan daitezkeen gora beherak eguneratzen ditu. Urriko estimazio honetan ez da gora behera esanguratsurik izan eta urte hasieran hitzeman zen kantitatea bere horretan mantentzea aurre ikusten du Foru Ogasunak. Eta gora beherarik ez izatea da, hain zuzen ere, notizia, azken urteetan, hitzemandako diru kopurua baino gehiago edo gutxiago kobratuko zela jakinarazi ohi baitzaie udalei. Aurten dena den, badirudi aurreikuspenak ondo ajustatu zirela eta agindutako mailan betetzen ari direla. Horren arabera, Oñatik, 7.193.000 euro jasoko ditu foru fondoen kontzeptuan.

  Baina azken urtetan udalek badaezpada gorde duten funtsa erabilgarri izango dutela jakinarazi da diputaziotik. Kupoaren inguruan Euskal Autonomia Erkidegoak eta Espainiako gobernuak zuten desadostasunaren haritik dator aipatu funtsa. EAEk 600 milioi gehiago jasoko ditu BEZaren doikuntzengatik. Kupoaren gaia argitu bitartean udalei diru bat gordetzea, erreserbatzea gomendatu zien Gipuzkoako foru aldundiak. Diru hori orain erabilgarri izango dute. Udalei dagozkiena ia 25 milioi eurotan kuantifikatu du diputazioak. Orain, udal bakoitzak zenbat diru askatu edo liberalizatu ahal izango duen argituko da. Beraz, foru fondotik ez da diru gehiago hartzea aurreikusten baina nahikoa extra da, bi urtetan gorde behar izan duten hori gastatu ahal izatea.

  Gipuzkoako Finantza Kontseiluaren bileran bestalde, datorren urteko foru funtsaren aurrekontua ere azaldu zuten diputazioko ordezkariek. Aurreikuspenak baikorrak dira eta diputazioak diru sarrerak handitzea espero du. Ondorioz, inoizko foru fondorik handiena banatuko da, 485milioi euro.  Datu horien arabera, Oñatik, ia 7.495.000 euro jasoko ditu 2018ean udalen finantzaketarako foru funtsa kontzeptuan, aurten baino % 4 gehiago.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!