Oñatiko udala

Kultura departamentuaren dirulaguntzak, Covid-ari aurre egiteko baliabideak erosteko hitzarmenera atxikitzea eta kirol txartelaren tasa kobrantza gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2021/03/04
Card image cap

  13 gaiko lan zerrenda prestatu da gaur arratsalderako. Aurrez beste udal departamentu askok egin dutenaren antzera Kultura departamentuak 2021erako dirulaguntzen oinarriak aurkeztuko ditu gaurko gobernu batzarrean, deialdia kaleratzeko proposamenarekin batera. Kultura departamentuak urteko programazioa eta sorkuntza lanak gauzatzeko dirulaguntzak eman ohi ditu. Diru kontuekin jarraituz, kirol txartelaren tasa kobrantzaren inguruko xehetasunak ere emango zaizkie arratsaldean gobernu taldeko ordezkariei.

  Covid-19ari aurre egiteko baliabideak erosteko Osakidetzak eta EUDELek sinatutako hitzarmenera atxikitzea proposatuko da bestalde, gaurko bileran. Osakidetza eta Udalen elkarteak halako hitzarmena sinatuta Covidari aurre egiteko babes eta higiene materiala kopuru handitan erostea ahalbideratuko du, erosketa tramitazioa arindu eta produktuaren prezioa eta garraioa merkatzeko aukerarekin. Oñatiko udala hitzarmenera atxikituta abantaila horietaz baliatu ahal izango da.

  Munazategiko biribilgunetik Garaibairako sarrera-irteera adarra eraikitzeko proiektuak erasandako ondasun eta eskubideen zerrenda behin betiko onartzearen tramitea ere beteko da gaurko Tokiko Gobernu batzarrean. Erabakia, berez, Osoko Bilkuran hartu beharko da baina halako gaiek bete behar duten ohiko tramitazioan aurreko urratsa da Tokiko Gobernu batzarrean aurkeztea. Lehenik, Hirigintzako batzorde informatiboan eztabaidatu den bezala.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!