Korrika Kulturalaren programazioa hiru antzerki emanaldik eta kontzertu batek osatuko dute Oñatin.

2013/02/07
Lehen ekitaldia, Huts teatro taldearen PUBLIKOARI GORROTO antzezlanaren emanaldia, hilaren 17an egingo da.

  KORRIKAko herri batzordeak Udalarekin elkarlanean gertu du Korrika kulturalaren eskaintza. Antzerkia eta musika izango dira esan bezala programazioaren bi ardatzak.

  Antzerkiari dagokionez, hiru emanaldi antolatu dira: Ander Lipusek gidatzen duen “Huts teatroa” taldearen eskutik, PUBLIKOARI GORROTO antzezlana ikusi ahal izango da hilaren 17an Santa Ana aretoan. Arratsaldeko 19.30tan izango den emanaldirako sarrerak dagoeneko salgai daude www.barrabarra.eu atarian, 10 euroren truke.

  Hurrengo domekan berriz, otsailaren 24an “Doke” taldea izango da Santa Anara hurbilduko dena. “Paradisuko atean” lana taularatuko dute . Emanaldia, kasu honetan ere, arratsaldeko 7.30tan hasiko da.

  Korrika kulturalaren antzerki eskaintza osatuz berriz, martxoaren 9an, Txalo taldeak “Pottola” lana taularatuko du.

  Musika eskaintzari dagokionean, otsailaren 22an Anje Duhalderen kontzertua izango da Gaztelekuan. Gaueko 10 eta erdietan hasiko da eta  sarrerak 6 eurotan salduko dira.

  Debagoienean, Korrika Kulturalari dagozkion ekintzak martxan dira jada. Aste honetan bertan Arrasaten, “zuzeneko instanteak” izeneko argazki erakusketa ireki da Kulturaten eta horrekin lotuta, musika solasaldi eta kontzertuak antolatu dira.

  Arrasaten egingo da baita ere Debagoienako LEKUKOAREN BILA jinkana. Izena emateko epea otsailaren 10era arte luzatu da. Pista eta proba jolas honetan parte hartzeko 8 laguneko taldea osatu behar da. Izena, AEKren edozein euskaltegitan eman daiteke. Eskualdeko jinkana irabazten duen taldea Gipuzkoako kanporaketarako sailkatuko da eta herrialdekoak, Baionan Korrikaren azken egunean jokatuko den finalean parte hartuko du.

  Korrikaz ari garelarik, esan bestalde, Oñatiko Korrika batzordearen hurrengo bilera, otsailaren 20an egingo dela. Ohikoa denez, arratsaldeko 6:30ean eta Kultur Etxean.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!