Korrika kulturala egitaraua prest da

2024/02/23
Card image cap
Oihaletxea dokumentalaren emanaldi-solasaldiarekin hasiko da baina hitzaldia, kontzertuak, Korrika Txikia, dantza kalejira, kantu afaria eta omenaldia izango dira

  23. Korrikari ongi-etorri beroa egingo zaio Oñatin, aurreko edizioan penaz bizi izan zen hutsaren ondoren. Martxoaren 23rako herria girotzeko egitarau anitz eta oparoa prestatu du Korrika herri-batzordeak.

  Otsaila hasieran programatu zen Bizkarsoro filmaren emanaldien ondotik, beste bi ikus-entzunezko eskainiko dira Korrika kulturalaren baitan: Oihaletxea dokumentala, asteazkenean, eta Entzuteko lan isila, martxoaren 20an. Oihaletxea dokumentalak Ipar Euskal Herriko Azterketak euskaraz kolektiboaren eta haren borrokaren berri ematen du. Lander Garrok zuzendutako lana asteazken arratsaldean (19:00) proiektuko da Kultur etxean eta ondoren, zuzendariarekin solasaldia egingo da. Herriko ikastetxeek beste emanaldi bat izango dute eta Seaskako kide batekin berba egiteko aukera izango dute.

  Korrika 20aren leloa jarraituz Ikustenda egitasmoaren baitan Debagoieneko hiru euskaltzalerekin saio sorta bat egin zen. Horietako bat hil berri den Xabier Ugarte izan zen eta hura gogoan Entzuteko lan isila saioa berreskuratuko da. Herriko musika, kultura eta euskararen alde egindako lana aitortzeko ekitaldi xumea prestattu da martxoaren 20rako. Ekitaldirako gonbidapenak aurreko astean eskuragarri jarriko dira Kultur etxean.

  Musikarekin jarraituz, martxoaren 10ean Gaztetxean Ibil Bedik emango duen kontzertua, martxoaren 22an plazan izango den Gauargi taldearen emanaldia, Gaztelekuan egingo den kantu-afaria eta gaztetxeko DJ saioak nahiz, 23ko Malkoren emanaldiak aipatu daitezke. Baita, Oñatzen eskutik egingo den sorgin-dantza kalejira ere.

  Korrika kulturalaren baitan hitzaldia ere programatu da: Euskararen egoera gaur. Zer diote datuek? Iñaki Iurrebasoren hitzaldia urtarrilerako antolatu zen baina hizlaria gaixotu eta martxoaren 19ra aldatu zen. Kultur etxean izango da, 18:00etan.

  Korrika martxoaren 23an gaoizaldean pasako da Oñatitik. Bezperako arratsaldean, 15:00etatik 16:00etara Korrika Txikia egigno dute herriko ikastetxeetako 770 ikasle inguruk.

  Azken orduko beste ekitaldiren bat ere izan daiteke baina, orokorrean, osatuta dago Korrika kulturalari dagokion egitaraua. Korrikara batzeko bi irteera ere antolatu dira; Gaztetxekoek Iruñeara joan eta hango ospakizunetan parte hartuko dute, martxoaren 16an, eta Baionan izango den azken jairako ere autobusa izango da Oñatitik.

Iturria: Oñati Irratia

 

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!