Korpus ospakizunen inguruko bisita bereziak antolatu dira ekainaren 19rako

2022/06/10
Card image cap
Pake leku elkarteak eta Mankomunitateko Turismo departamenduak bisita bana antolatu dute

  Korpus prozesioaren prestaketa eta parte hartzen duten elementuak eta tradizioa lehen planora ekartzeko helburuz antolatu dira bi bisita berezi, datorren domekarako.

  Debagoieneko mankomunitateko Turismo departamentuak Ezkutuko altxorrak egitasmoaren baitan jaso du turismo bulegoko teknikoek gidatuko duten bisita; 9:45tan hasiko da eta Korpus prozesioko elementu ezberdinak azalduko zaizkie bisitariei: herriko ermita eta etxe partikularretan gordetzen diren santu eta estandarteak, dantzariak, apostoluak, kaleko aldareak eta prozesioaren beraren ibilbidea. Bisita 10 lagunek egingo ahal izango dute eta parte hartzeko izena eman behar da Mankomunitateko Turismo departamentura telefonoz deituta: 943 796 463.

  Pake leku elkartearen Oñati ezagutzen egitasmoaren baitan, bestalde, apostoluen prestaketa izango da bertatik bertara ikusko dena. 10:45tan Santa Ana aretoan elkartuko dira Pake lekuko bazkideak. Aurrez, aurkezpen moduan, Kofradia eta Korpus eguna izeneko hitzaldia emango dute Sakramentu Santuaren kofradiako kide Jesus Irizarrek eta Iosu Amondarainek. Hitzaldia astelehenean, ekainaren 13an izango da Pake leku elkartean bertan, 17:30tan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!